2024 OTS. 07 Herrietako ibai eremuen gaineko esku-hartzeei buruzko gida argitaratu dute Herri eta hiriko ibai eremuen gaineko esku-hartzeak aztertzen dituen gida argitaratu berri dute EHUk eta Lakuak. Klima aldaketak areagotutako arriskuak kontuan hartu eta ibai eremu jasangarriagoak lortzen laguntzen duen argitalpena dela azpimarratu dute. Uhaldia Kadagua ibaian, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU) GAUR8 Hiriko ibai eremuei buruzko gida argitaratu dute EHUko Paisaia Kulturalei eta Ondareari buruzko Unesco Katedrak eta Lakuako Gobernuko Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak. ‘Guía de buenas prácticas en materia de paisaje’ sortako bigarren gida da, eta «ibai sistemarekin harremana duten hiriko eremuak leheneratzeko, biziberritzeko eta naturalizatzeko jarduketetan sakontzen du.Ohar batean azaldu dute «ikuspegi praktikoa» duela, eta tresna bat eskaini nahi zaiela esku hartzeak abian jarriko dituzten adiministrazioei eta lantalde teknikoei, «egin beharreko lanak errazteko». Herri eta hirietan ibaiertzetan eraikitzen diren pasealeku eta espazio publikoen erakuntzari erreparatzen dio lanak. Egileek gogoratu dutenez, herritarren erabilera duten espazio horiek egokitzeko «ibaiaren espazioa bera okupatu eta inpermeabilizatu dute, eta horren ondorioz, aldatu dira ibai sistemaren dinamika ekologikoak». «Uholde arriskuarekin lotutako arazo handiak sortu dira», eta klima aldaketarekin arazo horien inpaktua eta arriskua are gehiago handitu dira. Balioa eman eta arriskuak txikituTestuinguru horretan, uholde arriskua txikitzea, ibai paisaiari balioa ematea eta ibaiaren dinamikarekin bateragarriak diren erabilerak ezartzeko aukerak gidaren ardatz nagusiak dira. Ikertaldearen esanetan, lanak «erronka klimatikoei aurre egiten eta pertsonen bizi kalitatea eta ongizatea bermatuko dituzten hiri eremu erresilienteagoak eta jasangarriagoak lortzen lagunduko duten aukera eremu gisa ulertzen ditu».Lanaren zati praktikoa bigarren atalean dago eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasu praktikoen azterketa xehea eskaintzen du. Gidaren argitalpen digitala euskadi.eus webgunean eskura daiteke, baita EHUren web orrian ere.