GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Ia 100 urteren ondoren, gaurkotasunik galtzen ez duen jokoa: Monopolya

Monopoly jokoaren aurrekaria 1903an sortu zuen Lizzie Magie, baina egun ezagutzen dugun bertsioa 1934ko otsailaren 7an aurkeztu zuen Charles Darrowek. Egun, herrialde eta gaitegi anitzeko Monopolyoak daude merkatuan, txapelketak ere antolatzen dira.

Bilboko Monopolya aurkeztu zen 2005ean. (Luis Jauregialtzo | FOKU)

Nork ez du inoiz higiezinen salmenta-erosketan oinarritutako mahai-jokoan jolastu eta bere monopolioa eratu? Monopolyan, alegia. Gaur bezalako egun batez sortua izan zen 1934ean; baina 30 urte lehenago jada asmatua zen Monopolyaren oinarria izan zena.

1903an Lizzie Magie estatubatuar joko diseinatzaileak ‘Etxeko nagusiaren jokoa’ sortu zuen, eta 1924.urtean patentatu zuen. 1934an Charles Darrowek jokoaren bere bertsioa Monopoly izenaz aurkeztu zuen.

Darrowek, hasieran, eskuz egiten zituen Monopoly jokoak, bere lehen semearen, eta bere emaztearen laguntzarekin. Baina eskuz egindako jokua izatetik munduan salduenetariko jolasa izatera igaro zen, eta ezin eskuz egiten jarraitu.

Errekorren Guinness Liburuak, 1999ra arte, Monopolyren 500 milioi jokalari inguru ematen ditu, honela, munduko jokorik jokatuena bihurtuz.

Monopoly bereziak

Duela 90 urte sortu zuen Darrowek oinarrizko Monopolya, baina orduz geroztik, aldaera asko izan ditu. Herrialde askok beren hiriaren bertsioa egin dute, bertako kale eta geltokien izenak agertzen direlarik. 2005ean Bilbok bere bertsioa aurkeztu zuen eta jokatzeko topaketak antolatu zituen. Donostiak, aldiz, 2018an aurkeztu zuen bere Monopoly propioa.

Herrialdeez gain, Monopoly tematikoak ere sortu dira, horren adibide da Athleticek sortutakoa.