GAUR8 - mila leiho zabalik

11.000 lagun baino gehiago bildu ditu EHUko unibertsitate orientaziorako azokak

Pandemia aurreko datuak gainditu eta 11.200 lagun bildu ditu EHUazokaren azken edizioak, unibertsitateko ikasketak hasi nahi dituzten ikasle berrientzako orientazio zerbitzuak duen harrera ona berretsiz.

EHUazokaren azken edizioa, irudian. (Nuria GONZALEZ | UPV/EHU)

EHUren campus guztietatik igaro ostean, Euskal Herriko Unibertsitate Orientazioko Azokari buruzko balantzea egin dute, eta azken edizioak izan duen parte hartze handia azpimarratu dute. Izan ere, 11.200 lagun bildu zituen ikasleei zuzendutako argibide zerbitzu horrek, pandemiaren aurreko edizioetako datuak gaindituz.

Proposamenak izandako arrakasta islatzen duen beste datu bat eman dute: informazio saioetarako egokitutako 14.100 plaza bete ziren. Zehaztu dutenez, kontuan hartu behar da ikasle batzuk saio bat baino gehiagotara joan zirela.

Esperientziak ikasketak aukeratzeko duen garrantzia nabarmendu du Eva Ferreira EHUko errektoreak. Gogoratu duenez, unibertsitateko ikasketak aukeratzea ez da beti erraza izaten, eta horregatik, ikasketak hobeto aukeratzen laguntzea da EHUazokaren helburu nagusia.

«Gure gradu eskaintzari, sartzeko prozedurari, tasei eta eska daitezkeen bekei buruzko informazioa eskaini nahi da», zehaztu du Ferreirak, zalantzak argitzeko, harreman pertsonalek eta hurbiltasunak duten balioa azpimarratuz.

Ateak irekita martxoan

EHUazokaren ostean eta EHUren Sarbide Programaren barruan, Ate Irekien Jardunaldiak egingo ditu EAEko unibertsitate publikoak martxoan, 15etik 23ra. Era horretara, fakultateak, eskolak eta hainbat instalazio bisitatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Beste aukera bat da Jarduera Praktikoak egitea. Maiatzaren 27tik ekainaren 21ra bitartean egingo dira aurten.

Jarduera praktiko horiek aukeratu nahi diren ikasketetara hurbiltzeko era zuzenago bat eskaintzen dute, graduak modu praktikoan probatzeko aukera ematen baitute.