2024 OTS. 13 Gaur X urte Lau urte bete dira gaur Joxe Mari Auzmendi joan zitzaigula Gaurko egunez, duela lau urte, zendu zen Joxe Mari Auzmendi pedagogo eta Hik Hasi proiektuaren sortzaileetako bat. Nafarroako Azkaraten jaioa, Legazpiko Haztegi ikastolan hasi zen lanean. Joxe Mari Auzmendi. (Jon URBE | FOKU) GAUR8 2020ko otsailaren 13an hil zen Joxe Mari Auzmendi, gaixotasun baten ondorioz. Hik Hasi proiektuaren arima, bizitza osoa herrigintzaren bueltan aritu zen, hezkuntzan bereziki, oso garbi izan baitzuen hezkuntzak herriaren motorra izan behar duela. 66 urte bete berritan, bere bizitzaren parte handiena herrigintzari eta horren baitan hezkuntzari eskaini zizikion Joxe Mari Auzmendik. Kimikaria zen ikasketaz eta horretan lanean aritu zen hasiera batean. Baina bere pasioa betidanik haurrak eta hezkuntza izan dira eta Legazpiko ikastolara egin zuen salto. Gerora Magisteritza ikasi zuen. Irakasle lana utzi eta Hik Hasi proiektu pedagogikoa sortu zuen. Hik Hasi aldizkari pedagogikoaren bultzatzaile nekaezina izan zen. Auzmendik garbi zeukan eskolak, etxeak eta herriak banatu ezin den hirukia osatzen dutela eta elkar hartuta aritu behar dutela. Gerora ‘Hazi eta Hezi’ aldizkaria ere bultzatu zuten Hik Hasitik, familiei begirakoa. OinHerri proiektuan ere buru-belarri aritu zen, umeen aisialdi euskalduna, parte-hartzailea, hezitzailea eta herritarra bultzatu nahian. Bizipoza gizartegintzako egitasmoan ere bazebilen, beren beharrak ondo ase gabe dituzten haurren eta familien alde. Oparoa izan zen oso 40 urtez aktibo izan zuen ibilbidea. Euskarak eta hezkuntzak mundua eraldatzeko ez ezik, bizigarriago eta justuago egiteko gaitasuna dutela defendatzen zuen Auzmendik. Azkaraten jaioa, Legazpiko Haztegi ikastolan hasi zen lanean. Irakasle lanetarako haurtzaroan izan zuen Avelino Sanchez maisuaren eredua gaurkotu eta euskaldundu zuen, eta berea egin zuen. Euskal Hezkuntzagintzak zituen behar larriak identifikatuta iritsi zen, 1995ean, Hik Hasi egitasmo pedagogikoa sortzera beste kide batzuen laguntzaz. Lehenago, LAB sindikatuaren hezkuntza arloko ordezkaria izan zen Gipuzkoan.