2024 OTS. 13 ‘Malala, ikasle ausarta’ erakusketa Gasteizera heldu da, Ignacio Aldecoa Kultur Etxera ‘Malala, ikasle ausarta’ erakusketa Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean egongo da ikusgai apirilaren 18ra arte. 17 urterekin Bakearen Nobel Saria jaso zuen gazte pakistandarraren lana eta bizitza ezagutzera ematen duen lanak Asier Iturralderen ilustrazioak ditu. Erakusketaren aurkezpena Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU) GAUR8 Ignacio Aldecoa Kultur Etxeak ‘Malala, ikasle ausarta’ erakusketa inauguratuko du Gasteizen, Asier Iturralderen (Gaston) irudiekin. Erakusketa apirilaren 18ra arte egongo da ikusgai. Arabako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Donostiatik «arrakastaz» igaro ostean, Arabako hiriburura iritsiko da, eta bertan egongo da ikusgai apirilaren 18ra arte. Gogoratu duenez, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren, Donostia Gazteriaren eta Donostia Kulturaren arteko koprodukzioa da. «Neska batek, maistra batek, liburu batek eta arkatz batek mundua alda dezakete» ideiarekin, erakusketan Bakearen Nobel sariduna eta emakumeen hezkuntzaren eta berdintasunaren aldeko giza eskubideen ekintzailearen bizitza eta lana ezagutu daiteke. Erakusketa, gainera, bi jarduera paralelorekin batera dator. Otsailaren 24an tailer bat egingo da erakusketaren ilustratzailearekin, 6 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzendua. Astebete beranduago, martxoaren 1ean, ‘Él me llamó Malala’ zineforuma antolatu dute, Josemi Beltran Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko zuzendariaren eskutik. Foru arduradunek azpimarratu dute proiektua euskal liburutegien arteko lankidetzaren emaitza izateaz gain, «beste kultur sektore batzuekin, hala nola zinemarekin eta ilustrazioarekin, eta lurralde eta administrazio ezberdinen arteko lankidetza kulturalaren isla» dela.