GAUR8 - mila leiho zabalik

Abian da Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren lehen edizioa

Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren lehen edizioa abian jarri da, proposamenak jasotzeko epea zabalduz. Apirilaren 2ra arte bidali ahalko dira hautagaitzak, berrikuntza, gizarte inklusioa eta ingurumen-erantzukizuna oso kontuan hartuko ditu.

Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren aurkezpena, irudian. (IREKIA)

Euskadiko Arkitektura Institutuak (IAE) eta Arc en Rêve Centre d 'Architecturek, Lakuako Gobernuko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren laguntzarekin, Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren lehen edizioa deitu dute. Ostegun honetan ireki da inaugurazio ekitaldirako izena emateko epea, eta apirilaren 2ra arte egongo da zabalik.

Saria etxebizitza kolektiboaren inguruko esparru guztietako profesionalei zuzenduta dago, arkitekturako eta hirigintzako profesionalei, eraikuntzaren sektoreko adituei, erabiltzaileei edo administrazio publikoei. Guztiek aurkeztu ahal izango dituzte eraikitako sustapenak, publikoak zein pribatuak.

Irabazleen berri emango duen zeremonia batekin amaituko da saria, eta saridunen lanak lehenik Euskadiko Arkitektura Institutuan jarriko den erakusketa baten parte izango dira, eta, ondoren, Bordeleko Arc en Rêven.

Epaimahai ospetsu batek baloratuko ditu hautagaiak, Anne Lacatonen gidaritzapean. Arkitekto frantziarra arkitekturaren munduko figura nabarmena da, «bere ikuspegi etikoagatik eta gizakiarengan zentratzeagatik» ezagutzen dena.

Lacatonek, Jean-Philippe Vassal bazkidearekin batera, mundu mailako ospea lortu du bere lan «berritzaileagatik» Lacaton & Vassal estudioaren bitartez. Ikuspegi berritzaileaz gain, lehendik zeuden egiturak birgaitzea eta hobetzea ardatz izan du arkitektoen diseinuak Pritzker saria jaso zuen 2021ean.

Etxebizitzak «funtsezko giza premia aktibo sozial» gisa duen garrantzia azpimarratuz, Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariak «etxebizitza kolektiboen diseinuan berrikuntza, inklusioa eta ingurumen-erantzukizuna» sustatzen ditu.

Proposamenak aurkez ditzakete etxebizitza sustatzeaz arduratzen diren tokiko, eskualdeko, estatuko edo nazioarteko administrazio publikoek; enpresa sustatzaileek, banaka edo taldean; arkitekturako profesionalek, banaka edo taldean; proiektuan parte hartzen duten eraikuntza-enpresek; eta sustapenen erabiltzaileek, banaka edo taldeka.