2024 OTS. 20 Pertsona migratuentzako informazio eta orientazio saioak burutzen ari dira Galdakaon Pertsona migratuei eta haiekin harremanetan dauden lagunei zuzendutako doako saioak eskaintzen ari dira Galdakaon, informazioa eta orientazioa emateko. Tituluen homologazioa, osasun sisteman sartzeko bideak edota ziurtagiri digitalak eskuratzea dira jorratuko diren gaietako batzuk. irudian, errefuxiatuen eskubideen aldeko mobilizazio bat Bizkaian. (Oskar MATXIN | FOKU) GAUR8 Galdakaoko Udalak pertsona migratuei zuzendutako informazio eta orientazio saioak antolatu ditu otsaila eta martxoa bitarte, auzokide horien «egoera arautu eta egonkortzen laguntzeko». Udal iturriek ohar batean azaldu dute saio horiek kanpotik etorri direnentzako eta haien ingurukoentzako oinarrizko ikastaroak direla. Azpimarratu dutenez, Galdakaoko Helduen Heziketarako Ikastetxearekin elkarlanean antolatutako ekimena da, eta «eskubide guztiak bermatuta izanda, elkarbizitzarako oinarriak sendotuta dituen herri gisa lantzea» da egitasmoaren helburua. Lehen saioa tituluen homologazioa jorratzera zuzenduta egon da, ikasketen baliokidetasunari, herritar etorkinen aintzatespen profesionalari eta gida baimenaren homologazioari buruzko informazio eta pauta zehatzak eskaintzeko. Saioa Kosmopolis elkarteak eskaini du. Hilaren 27an, ziurtagiri digitalen inguruko informazioa eskainiko du Gaztaroa-Sartu elkarteak, administrazio publikoarekin harremanetan jartzeko oinarrizko jarraibideak emanez. Osasun sistemarako sarbidea izango da hirugarren gai nagusia, eta Munduko Medikuak elkarteak eskainiko du, pertsona migratuak euskal osasun sistema publikoan sartzeko oinarrizko jarraibideen inguruko informazioa emateko. Azken saioan, martxoaren 13an, atzerritartasunaren edo nazionalitatearen arloan, «baimenak tramitatzeko alde praktikoak ezagutzeko» informazioa landuko da, Biltzen Gizarteratze eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal zerbitzuak gidatuta. Saioak pertsona migratuei eta haiekin harremanetan dauden edo atzerritartasun kontuetan informazioa behar duten herritarrei zuzenduta daude, zehaztu du Udalak, aurrez izena ematea beharrezkoa dela gogoraraziz.