2024 OTS. 21 Tolosako Paper Eskola Tolosaldeko LHIIren egituran integratuko da datorren ikasturtean Tolosako Paper Eskola Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren egituran egongo da datorren ikasturtetik aurrera. Zentroaren eskaintza, nabarmen indartuko dela iragarri du gaur Lakuako Hezkuntza Sailak. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Tolosako Paperaren etxean. (IREKIA) GAUR8 Jokin Bildarratz Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuak Tolosako Paper Eskola bisitatu du gaur, eta, iragarri duenez, «2024-2025 ikasturtean Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren (LHII) egituran sartuko da». Lanbide Heziketako (LH) zentro horrek ziklo berriak eskainiko ditu, eta prestakuntza-eskaintza indartuko du Jarduera Fisikoak eta Kirolekoak, Kimika eta Informatika bezalako arloetan. Bildarratzek, LHko sailburuorde Jorge Arevalorekin batera, gogorarazi du Tolosako Paper Eskolak 60 urte inguruko historia duela. «Paperaren industriak eskualde osoan bizi izan zuen indarraren ikurra da, eta gaur egun Errenteriako Don Bosco LHIIren antolaketa-egituran integratuta lan egiten du», zehaztu du. Ikasturte honetan 53 ikasle ditu eta Kimika lanbide-arloko bi heziketa-ziklo ematen ditu: Kimika Instalazioko Erdi Mailako ziklo bat eta Industria Kimikako Goi Mailako ziklo bat. 2024-2025 ikasturteari begira, LHko zentro hori Tolosaldeko LHIIn sartuko da, Tolosan hori ere. Bildarratzek adierazi duenez, Hezkuntza saila «lanean ari da, eskualdeko ikastetxeekin koordinatuta, 2024-2025 ikasturterako Jarduera Fisiko eta Kiroletako, Kimikako eta Informatikako lanbide-arloetan ziklo eta espezializazio-ikastaro berriak abian jartzeko eta indartzeko». Gastronomiari lotutako tradizioa «Aurrerago, Tolosan gastronomiaren arloko prestakuntza-zikloak ezartzea aurreikusten da», bai sukaldaritzan zein gozogintzan, «azken artisau-jarduera horiek hirian duten tradizio zabalari jarraipena» emanez. Gainera, informatikaren arloa «indartu» egingo da arlo horretako espezializazio-ikastaroak ezarriz (adimen artifiziala; zibersegurtasuna; industria adimendunak; eta 5.0 konektibitatea). «Ikastetxean Kimikaren familiako irakaskuntzak mantenduz eta indartuz (paperaren industriari zuzenduak), bermatzen da gaur egun eraikin horretan lan egiten duen eta eskualdeko enpresen zerbitzura lan egiten duen paperaren laborategiaren (LabPaper) funtzionamendua», azpimarratu du Bildarratzek. Adierazi duenez, laborategi hori «pastaren eta paperaren eta horiekin lotutako produktuen arloan saiakuntzak eta karakterizazio-lanak egiteko interesa duten enpresen eskura jartzen da», eta Hezkuntza Saila kide duen Paper Eskola Indartzeko Elkarteak kudeatzen du.