GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Fer Apoak 54 urte bete ditu gaur

90eko hamarkadan El Corazon del Sapo taldearekin Euskal Herriko bazter ia guztiak aztoratu zituen eta gerora Kuraia, KOP, Estricalla, Matxura edo Bazka bezalako taldeekin arrakasta handiak lortu ditu. Jarraitzaileek asko eskertzen diote euskaratik eta euskaraz abesteko egin duen esfortzua.

Fer Apoa Kuraiaren kontzertu batean, 2004an. (Jon URBE | FOKU)

Fer Apoak, azken hamarkadetako rock/punk letrista eta abeslari maitatuenetakoak, 54 urte bete ditu gaur, 1970eko martxoaren 1ean jaio baitzen Aragoiko Ejea de los Caballeros herrian. Tuteratik gertuago Zaragozatik baino, joera handia izan du betidanik Euskal Herrira etortzeko eta 2002 urteaz geroztik Euskal Herrian bizi da.

90eko hamarkadan El Corazon del Sapo taldearekin Euskal Herriko bazter ia guztiak aztoratu zituen, jarraitzaile andana pilatuz, eta gerora hainbat eta hainbat proiektutan hartu du parte, musika azkarra eta militantzia ardatz hartuta.

Kuraia, KOP, Estricalla, Matxura edo Bazka bezalako taldeekin arrakasta handiak lortu ditu, eta jarraitzaileek asko eskertzen diote euskaratik eta euskaraz abesteko egin duen esfortzua eta apostua.

«Jende askok pentsatu izan du El Corazon del Sapo Euskal Herriko taldea dela. Ez dakit zergatik, baina ni beti sentitu izan naiz Euskal Herriaren parte. Gaztetxotatik Bardeako tiro poligonoaren kontrako borrokan aritu izan gara, Itoizko Koordinakundearekin lotura izan dugu... Egia esan, Iruñea alderako joera handia izan dugu. Gero, Corazon del Saporekin hasi ginenean, ia astebururo Euskal Herrian izaten ginen», onartzen zion Amagoi Mujikari 2017an GAUR8n egindako elkarrizketan.