GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Salvador Puig Antich anarkista garrotea erabiliz exekutatu zuten gaur 50 urte

Muntaia polizial tamalgarri baten biktima, bera izan zen espainiar Estatuan garrote izenez ezagutzen den Erdi Aroko metodoarekin itotako azken pertsona.

Salvador Puig Antichen argazkia. (Joan Carles TORRES)

Salvador Puig Antich anarkista kataluniarra 1974ko martxoaren 2an exekutatu zuten Bartzelonan, gaur 50 urte. Bera izan zen espainiar Estatuan garrote izenez ezagutzen den Erdi Aroko metodoarekin itotako azken pertsona.

Hilabete batzuk lehenago, 1973ko irailaren 25ean, Poliziak tranpa bat jarri zuen Xavier Garriga MILeko militantea atxilotzeko. Agenteen harridurarako, beste kide batekin agertu zen, Puig Antich berarekin. Poliziaren jarduera desegokiaren ondorioz, atari baten barruan tiroketa bat izan zen, eta, bertan, Francisco Anguas inspektoreordea zauritu zuten.

Bertsio ofizialak, pentsa daitekeenez, Puig Antich jo zuen heriotzaren erantzule eta heriotza zigorra ezarri zioten. Puig Antichek, zauritua izan zelako hitz egiterik izan ez bazuen ere, bere burua erruduntzat jotzeko zortzi orrialdeko adierazpena sinatu zuen. Anarkistaren heriotzaren inguruko irregulartasunen artean lehena baina ez zen izan. Familiak duela lau hamarkadatik hona froga asko emanez defendatzen du Puig Antichek ez zuela Anguasen aurka tiro egin eta muntaia polizial baten biktima izan zela.

Balen ibilbidea, bala kopurua, garaiko testigantzak... Jordi Panyella kazetariak "Salvador Puig Antich, cas obert" liburuan ere makina bat froga bildu zituen bertsio ofiziala indargabetuz. Ondorioa argia da: Anguas beste polizia baten tiroen ondorioz hil zen, eta Puig Antich poliziaren arduragabekeria tamalgarria ezkutatzeko fartsa juridiko baten biktima izan zen.