2024 MAR. 08 ‘Sexting’ egiten duten nerabeek aukera handiagoa dute bikoteko ziberabusuaren biktima izateko, EHUren azterlan baten arabera ‘Sexting’, eduki sexuala duten mezuak edota irudiak partekatzea, egiten duten nerabeen eta maitasun erromantikoaren mitoak berneratuen dituztenen artean arrisku handiagoa dago ziberabusua egiteko edo jasateko, EHUko ikerlarien parte hartzea izan duen azterlan baten arabaera. ‘Sexting’ praktikatzen dutenen artean, generoaren arabera dauden rol ezberdinak ikusi dituzte. Prebentzioan txikitatatik eragiteko beharra nabarmendu dute ikertzaileek. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) GAUR8 Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle eta ikerlari Izaskun Ibabek zuzendutako ikerketa batek ondorioztatu du ‘sexting’ –mezu, irudi edo bideo sexualak bidali, jaso edo zabaltzea– egiten duten nerabeek edo maitasun erromantikoaren mitoak barneratuen dituztenek aukera handiagoa dutela bikoteko ziberabusua egiteko edo jasateko. EHUko Psikologia Fakultatean ikerketa kolaboratiboa egin dute, 14 eta 18 urte arteko 3.264 neraberen erantzunak aztertuz (informazioa Nafarroako Unibertsitateak bildu du Estatu espainoleko eta Latinoamerikako neska-mutilei buruz). Izaskun Ibabe azterlanaren zuzendariak argitu du arrisku faktore potentzialak esploratu dituztela, «bikoteko ziberabusuan izan dezaketen garrantzia aztertzeko, eta, horrela, gero prebenitzen saiatzeko». Bikoteko ziberabusuarekin harreman zuzena duten aldagaietako bat da ‘sexting’-a, hau da, berdinen artean eta bide elektronikoak erabiliz eduki sexualak dituzten mezuak edo irudiak trukatzea. Analisiaren emaitzek iradoki dutenez, ‘sexting’ egiten duten nerabeek aukera handiagoa dute bikoteko ziberabusu kasuetan nahasteko. «Sakon aztertu ez badugu ere, uste dugu ‘sexting’-a arrisku elementu bihurtzen dela, adibidez, harremana era gatazkatsuan eteten denean, bikotekideetako batek abusua egin nahi badu hori egin ahal izateko edukia baitauka», azaldu du Ibabek. Nerabeek ‘sexting’ praktiketan generoaren arabera dituzten rolak ere aztertu dira, eta emaitzek erakutsi dute mutilek gehiago egiten dutela ‘sexting’ pasiboa, alegia, ohikoagoa dela haiek eduki sexuala eskatzea eta jasotzea, eta neskek sortzea eta bidaltzea. Halaber, EHUko irakasle eta ikertzaileak azpimarratu du ikerketa berritzailea dela, lehen aldiz ikertu baita erlijiositatearen eta ‘sexting’ praktikaren arteko lotura. Emaitzek agerian utzi dute zenbat eta atxikimendu handiagoa izan neska-mutilek erlijioarekin, orduan eta gutxiago hartzen dutela parte ‘sexting’ praktiketan. «Erlijio balioak aintzat hartuta, irudika genezakeen hori, baina ez zegoen horren inguruko argitalpen zientifikorik», gaineratu du. Maitasun erromantikoaren mitoak Bestalde, azterlanak ezberdintasun esanguratsuak azaleratu ditu nesken eta mutilen artean, maitasun erromantikoaren mitoei dagokienez (adibidez, ‘jelosia maitasunaren seinale da’, ‘maitasuna eta abusua bateragarriak dira’, ‘maitasunak edozer gainditu dezake’ eta abar). Emaitzek erakutsi dute mutilek gehiago onartzen dituztela eta barneratuago dituztela maitasun erromantikoaren mitoak, eta, ikerketaren arabera, sinesmen horiek eragina dute bikoteko ziberabusuan. Zenbat eta gehiago sinetsi maitasun erromantikoaren mitoak, orduan eta handiagoa bikoteko ziberindarkerian nahasteko aukera. Ikerketaren egileen iritziz, emaitzek nabarmendu dute zein garrantzitsua den prebentzio programetan mito horien analisia txertatzea, nerabeek uler dezaten nola eragiten duten beraien harreman intimoetan. Uste dute komeni dela, orobat, harremanetan abusuzko edozein jokabide identifikatzeko estrategiak lantzea, hala ‘offline’ nola ‘online’, jardun birtualen berezitasunak aintzat hartuta. Egileen ustez, garrantzitsua da indar egitea nerabeek Internet segurtasunez erabiltzen ikas dezaten. Prebentzio programak oso txikitatik aplikatzea gomendatu dute, lehen harreman sentimentalak gero eta goizago izaten direlako eta geroko harremanetarako oinarriak ezartzen dituztelako.