GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Udalekuak 2024’ kanpainak 4.203 plaza eskainiko ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

EAEko hiru foru aldundiek batera antolatzen duten ‘Udalekuak’ kanpaina asteazkenean abiatuko da, izena emateko epearen irekierarekin batera. Guztira, 4.203 plaza eskaintzen dira aurten, hiru herrialdeetako 16 instalaziotan. 

Lau mila plaza baino gehiago eskaintzen ditu aurtengo kanpainak, hiru herrialdeetako instalzioetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek batera antolatu duten ‘Udalekuak 2024’ kanpainak 4.203 plaza eskainiko ditu aurten, iaz baino 210 gehiago. Plaza horietako 1.695 Araban izango dira, 1.498 Bizkaian eta 1.010 Gipuzkoan, 7 eta 13 urte bitarteko haurrentzat. Udalekuak uztailaren 1etik 29ra egingo dira, biak barne.

Umeei bizikidetzako gune ludikoa eskaintzea eta autonomia pertsonala sendotzea dira esprientziaren helburu nagusietako bi. Aisialdi jardueretan euskara komunikazio hizkuntza gisa erabiltzea sustatzea da beste helburuetako bat, baita eremu bakoitzeko ohiturak eta kultura baliabideak ezagutaraztea, eguneroko bizikidetzan adiskidetasuna eta elkartasuna sustatzea.

Genero estereotipoak eta rolak zalantzan jartzen dituzten berdintasunezko eta errespetuzko jarduerak bultzatzea udalekuen beste ardatz bat da.

Udalekuak hiru lurraldeetako 16 instalaziotan egingo dira. Zehazki, Gipuzkoako Aldundiak jarduerak eskainiko ditu Orio, Zarautz, Hondarribia, Arantza, Abaraxka eta Bertizko instalazioetan; Bizkaikoak zazpi eguneko egonaldiak eskainiko ditu Gorliz, Lapurriketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga), Legasa (Bertiz, Arana) eta aurten gehitu den Gorozikan, eta Arabakoak Barria, Zuhatza eta Espejoko instalazioetan.

Hiru herrialdeetako haurrek parte hartu ahal izango dute aurreko edozeinetan, aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker, baina izen-ematea erroldatuta dagoen herrialdean egin behar da.

Haurrek kirol eta kultur jarduerez gozatu ahal izango dute, hala nola museoetara bisitak, txalaparta, birziklatze tailerra, mitologiari buruzko gau jaiak, gynkanak, mendi ibilaldiak, eskalada, rapela, tirolina, arku tiroa, paintballa, arborismoa, orientazio jolasak, mendiko bizikletako jaitsiera, arraunketa, piragua, pedaloia, wind surf, pilota, multiabentura, herri kirolak, baratzeko jarduerak, animaliekin jarduerak eta elikadurari buruzko lantegiak. Halaber, inguruko geologia, flora eta fauna ezagutzeko jarduerak antolatu dira.

Instalazio bakoitzaren jarduerak kontsulta daitezke kanpainaren liburuxkan eta aldundi bakoitzaren web orrian: http://gazteria.araba.eus, www.bizkaia.eus/udalekuak eta www.gipuzkoa.eus/udalekuak

Hilaren 22ra arte

Plazen zozketarako izen-ematea asteazkenean irekiko da, martxoaren 13an, eta hilaren 22ra arte egongo da zabalik hiru lurraldeetan (Bizkaian 13.30ak arte). Gehienez ere hiru parte hartzaileko taldeetan egin ahal izango dira izen-emateak. Zozketa jendaurrean egingo da: Gipuzkoan apirilaren 15ean, Araban apirilaren 16an, eta Bizkaian apirilaren 22an.

Aurten 138 euroko kuota orokorra ezarri da, eta ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria, dinamizazio zerbitzua, istripu eta erantzukizun zibileko asegurua, eta jatorrizko tokitik joan-etorriak barne hartzen ditu (Donostia, Bilbao eta Gasteiz).

Gainera, lurralde bakoitzeko aldundiak hobariak ditu laguntza sozialak jasotzen dituzten familientzat eta familia ugarientzat. Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak jasotzen dituzten familietako edo familia ugariko haurrek eta gazteek hobaria jaso ahal izango dute kuotan.

Hezkuntzako premia bereziak dituzten pertsonak aisialdiko jardueretan integra daitezen, foru aldundiek plazen %5 gordeko diete ezintasun fisikoa, psikikoa, sentsoriala edo soziala duten gazteei zuzenduta. Integrazio prozesu hori berma dadin, pertsona horiei laguntzen dieten berariazko elkarteen laguntza izango dute aldundiek.