GAUR8 - mila leiho zabalik

Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa EAEko Museoen Sistema Informatikoan sartu da

Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak abian jarri du EAEko Museoen Sistema Informatikoan sartzeko prozesua. Nabarmendu dutenez, orain arte Interneten ikusgai ez zeuden bildumak ezagutzeko aukera eskainiko da.

Gordailua sisteman sartzeko prozesua fase ezberdientan antolatu da (Gordailua | Europa Press)

Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Bildumen Zentroa EAEko Museoen Sistema Informatikoan sartu da, foru erakundeko Kultura Sailak eta Lakuako Gobernuak 2020an sinatutako hitzarmenari esker. Geroago, Ezkioko Igartubeiti Baserria Museoa gehituko da.

Goizane Alvarez Gipuzkoako Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak nabarmendu du «mugarri garrantzitsua» dela Gordailua Euskadiko Museoen Sistema Informatikoko kide izatea, lurraldeko ondasun higigarrien ondare bildumen zentroa sortzeko ezarri zen misio «nagusietako» bat betetzen delako, hau da, «Gipuzkoako kultur ondarea herritarrengana hurbiltzea, ezagutaraztea eta zabaltzea katalogo bateratu eta irisgarri batetik».

Euskadiko Museoen Sistema Informatikoa 2011n sortzean helburuetako bat zen erkidegoko ondare bildumen katalogo kolektibo bat egitea. Bada, ordutik, Gipuzkoako hainbat museo sartu dira sisteman, eta bi foru museo bere kide dira aspalditik: Zumalakarregi museoa eta Euskal Itsas Museoa.

Horrela, Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa sisteman sartuta, herritarrei aukera ematen zaie ‘Museotik’ hedapen atariaren bidez (https://museotik.euskadi.eus/hasiera/), «orain arte Interneten ikusgai ez zeuden bildumak» ezagutzeko.

Gordailua sisteman sartzeko prozesuak hainbat fase izango ditu. Lehenengoan, jendaurreko kontsultarako, 200 lan garaikide baino gehiago sartuko dira, diziplina askotarikoak (arte ederrak, arte aplikatuak, industria-ondareko dozenaka pieza, etnografiako ehun objektutik gora, XIX. mendeko marrazkiak eta abar); ondorengo faseetan, Interneten kontsulta daitezkeen objektuen kopurua pixkanaka hazten joango da.