2024 API. 04 Gaur X urte Martin Luther King hil zuten eguna Gaurko egunez, duela 56 urte hil zuten Martin Luther King AEBetako ministro kristaua eta eskubide zibilen aldeko aktibista, Mahatma Gandhiren jarraitzailea. 1955eko Montgomeryko autobusen aurkako boikotaren buruzagia izan zen, eta 1963ko Washingtonerako martxa antolatzen lagundu zuen. Bertan ‘Amets bat dut’ hitzaldi ospetsua eskaini zuen. Martin Luther King, 1964an. (CC BY-SA 3.0 WIKIMEDIA COMMONS) GAUR8 Martin Luther King 1929ko urtarrilaren 15ean sortu zen, eta 1968ko apirilaren 4an hil zuten, 39 urte zituelarik. Ameriketako Estatu Batuetako ministro kristaua eta Eskubide Zibilen Mugimenduko aurpegi ezagunena izan zen. Eskubide zibilak indarkeriarik gabe eta desobedientzia zibilaren bidez aurrera ateratzen saiatu zen, Mahatma Gandhiren bidetik. 1955eko Montgomeryko autobusen aurkako boikotaren buruzagia izan zen, eta geroago Hegoaldeko Kristau Buruzagitzako Konferentziako lehen presidente. 1963ko indarkeriarik gabeko protestak antolatzen lagundu zuen Birminghamen, Alabaman. Urte berean Washingtonerako martxa antolatzen lagundu zuen. Bertan ‘Amets bat dut’ (I Have a Dream) hitzaldi ospetsua eskaini zuen. Hauxe aldarrikatu zuen, besteak beste: «Amesten dut, egunen batean, han Alabaman —arrazista suminduak dauden hartan, gobernariaren ezpainetatik eragozteko eta deuseztatzeko hitzak sortzen diren hartan—, egunen batean, hantxe bertan, Alabaman, mutiko eta neskato beltzek eskua eman ahal izango dietela mutiko eta neskato zuriei, neba-arreba gisa». 1964an Bakearen Nobel Saria irabazi zuen. Hil baino lehen, Kingek Washington D.C.ko okupazio nazionala planifikatu zuen, Pobreen Kanpaina deitzeko asmotan, apirilean Memphisen, Tennessee, erail zutenean. Heriotzaren ondoren matxinadak izan ziren AEBetako hiri askotan. Hainbatek diote James Earl Rayk, King hiltzeagatik kondenatutako gizonak, gobernuko agenteekin hitzartuta zuela ekintza, eta susmo horrek tiroketa ondorengo hamarkadetan iraun zuen.