GAUR8 - mila leiho zabalik

Abian da ‘Bziber’ lehiaketa TikTok-en, lau erronka 13 eta 16 urte bitarteko gazteentzat

TikTok sarea ardatz duen lehiaketa antolatu du Azkue Fundazioak ingurune digitalean gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko. ‘Bziber’ du izena eta abian egongo da gaurtik hasita maiatzaren 2ra arte.

‘Bziber’ lehiaketa maiatzaren 2ra arte egongo da abian. (Azkue Fundazioa)

Hamahiru eta hamasei urte bitarteko gazteei zuzenduta, gaur abian jarri duten ‘Bziber’ lehiaketak «gazteak eta sareak euskaraz» ehuntzea du helburu. Azkue Fundazioak antolatu du ekimena, ingurune digital horretan euskarak espazio zabalago bat izan dezan. Proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren babesa du.

Lehiaketa, esan bezala, gaur bertan jarri dute abian eta maiatzaren 2ra arte luzatuko da. Denbora tarte horretan jarraitu beharreko dinamika horretaz antolatzaileek aurreratu dute Lorea Intxausti aktoreak erronka ezberdinak proposatuko dituela, astean bana. Lau izango dira guztira.

«Dantza, bitxikeriak, sormena lantzeko erronka, lagunekin egitekoak...», tankera horretako proposamenak jasoko dituzte parte hartzaileek. «Horrela, 13 eta 16 urte bitarteko gazteek nahi dituzten erronkak egin ditzakete eta TikTok sarean argitaratzeaz gainera modu pribatuan ere bidaltzeko aukera dute nahi izanez gero», zehaztu dute Azkue Fundaziotik.

Erronka bakoitzeko irabazle bat hautatuko da, «beraz zenbat eta erronka gehiago egon saria irabazteko aukera gehiago izango dituzte parte hartzaileek».

Irabazleak, maiatzaren 3an

Irabazleak maiatzaren 3an jakinaraziko dituzte ‘Bziber’ lehiaketaren sare sozialetan eta webgunean, eta «75 euroko erosketa-txartela jasoko dute, Fnac dendetan gastatzeko».

Lorea Intxausti ez da edizio honek bilduko duen aktore bakarra izango. Izan ere, beste aktore eta tiktoklari batzuk egongo dira erronkak egiten: Elene Mendizabal (@elemelonsv), Nahia Sillero (@nahiasillero) eta Kimetz Etxabe (@etxabekimetz)

Lehiaketa Tiktoken eta Instagramen jarraitu daiteke, eta erronka partekatuz gero, @bziber_lehiaketa etiketatu daiteke zein bideoa modu pribatuan bidali.

Lehiaketaren inguruko informazio guztia eskuragarri dago ‘Bziber’ lehiaketaren webgunean.