2024 MAI. 15 Antsietatearen aurreko estrategiak, ‘Psikologia kalean’ programaren lehen emanaldien artean Psikologian aritzen diren profesionalak kalera irtengo dira asteburuan gai ezberdinen inguruko solasaldiak eskaintzeko ‘Psikologia Kalean’ programaren barruan. Bilbon izango da programa zabalena, baina hitzorduak ditu Zornotzan eta Durangon. «Psikologia kalean» programaren aurreko edizio bat, irudian. (Oskar MATXIN | FOKU) GAUR8 Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak (PEO) ‘Psikologia kalean’ programaren hirugarren edizioa jarriko du abian ostiralean, hilak 17an, Bilbon. Helburua «herritarrei psikologiaren esparru ezberdinak hurbiltzea» da, eta horretarako, profesionalek gai ezberdinen inguruko hitzaldiak eskainiko dituzte. Sarrera librekoak eta doakoak dira jarduerak eta Areatzan egokitutako karpa handia izango da gune nagusia, baina Bilbo ez da kokapen bakarra izango, programak emanaldiak izango ditu 21ean Zornotzan, eta 21etik 23ra, Durangon. Inaugurazio ekitaldi ofiziala eta Psikologia Sarien banaketarekin hasiko da programa ostiralean. Egunerokotasun handiko hiru gai izango dira jardunaldiak irekiko dituzten hiru saiotan. Izan ere, sare sozialak eta harremanen munduan sakonduko dute Maria Jesus Carmonaren eskutik, autolesioen arazora hurbilduko da Oihana Sagasti, eta ikasketen aurrean, antsietatea erregulatzeko estrategiak azalduko ditu Adriana Dazak.Hazkuntza eta lana bilatzeko motibazioaren inguruko hitzaldiekin jarraituko du irekiera jardunaldiak eta emozioak kudeatzeko tailer batekin itxiko da, 19.30ean hasita.Suizidioaren prebentzioa eta ongizate psikologikoa mantentzeko ohitura txikiak izango dira Durangoko lehen jardunaldiaren gai protagonistak, eta Zornotzan, sexualitatea eta osasun mentalaren zaintza izango dira jorratuko diren arloak.Programazioa ‘Psikologia Kalean’ programaren webgunean dago eskuragarri.