2024 MAI. 16 Gaur X urte Junko Tabei japoniarra, Everest igo zuen lehen emakumea Orain 49 urte, 1975eko maiatzaren 16an Everest mendiaren tontorrera iritsi zen lehen emakumea izan zen Junko Tabei japoniarra (1939-2016). Hamabost emakume eta sei xerpez osatutako espedizio bat zen. Hala igo zuten Annapurna III ere, 1970ean. Juko Tabei, artxiboko irudi batean. (Jaan Künnap | WIKIPEDIA) Amaia Ereñaga Everest mendiko gailurra zapaldu zuen lehen emakumea izan zen Junko Tabei, 1975eko maiatzaren 16an. Hamabost emakumez osatutako espedizio bateko kide zen eta Edmund Hillaryk eta Tenzing Norgayk 1953an tontorrera iristeko hautatu zuten bide berberetik igo zen japoniarra. Ang Tsering xerparekin heldu zen gailurrera eta jaitsi ondoren, espediziokide guztiak 6.300 metrora zeudela, lur-jausi batek harrapatu zituen, eta helburua kolokan jarri. Xerpek erreskatatu zituzten elur azpitik. Tabeik bi egun behar izan zituen zutik jarri ahal izateko. Minak min, zutik jarri eta hamar egunera, Everest igotzea lortu zuen, Ang Tsering xerparekin batera, 1975eko maiatzaren 16an. Bigarren emakumeak, Pang Duo tibetarrak, hamabi egun geroago igo zuen. 1992an ‘Zazpi gailurrak’ espedizioan parte hartu zuen; sei kontinenteetako mendirik altuenetara iristea zuen helburu eta bera izan zen erronka hori bukatu zuen lehen emakumea. Munduko mendirik garaienera igo ahal izateko, beste ‘gailur’ batzuk igo behar izan zituen, batez ere emakumea zelako. Unibertsitatean, gizonezko mendizaleek aintzat hartzen ez zutelako, Tabeik Japoniako Emakumeen Eskalada Kluba sortu zuen. Helduaroan, senarra eta 2 urteko alaba etxean utzi, eta Everestera –eta beste hainbat menditara– joaten zen. Everesteko espedizioa ez zen espedizio bat gehiago: emakumez osatu zuten taldea. Hamabost emakume guztira, eta sei xerpa. Babesleak bilatu zituzten. Emakumeei ezarritako rola apurtu zuten: emakumeek igotzea ezinezkoa zela eta espedizioetara joan beharrean etxean umeak hazten eta hezten egon behar zutela erantzun zieten hainbat lekutan.