2024 MAI. 20 Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatuko dute Zaldibarren larunbatean Durangaldeko dantzariek Zaldibarren dute hitzordu garrantsitsu bat asteburu honetan, bertan izango baita Ezpatadantzari Eguna. Eguerdian hasiko da mugimendua: bederatzi herritako hamaika dantza talde eta txistulariak daude egitarauan. Zaldibarren izango da aurten Ezpatadantzari Eguna. (Gerediaga Elkartea) GAUR8 Iaz Abadiñon izan zen hitzordua, eta aurten Zaldibarrek hartuko du lekukoa Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatzeko. Bederatzi herritako hamaika dantza talde bilduko dira bertan, «herria ezpataz eta txilinez» betez. Goizean hasiko da dantzarien bilkura, 12.30ean abiatuko da lehen kalejira, eta ekitaldi nagusia 13.00etan izango da Euskal Herria etorbidean, bere jaiotzaren 100. urtemugan Balendin Lasuen zaldibartarra omenduko duena. Olazar frontoiaren aurrean batuko dira eskualdeko dantza taldeak, argazki ofiziala egin eta kalejirari ekiteko. Ekitaldi nagusian batuko dira ondoren, Lasuenek egindako lanari aitortza egiteko ekitaldian. Antolatzaileek nabarmendu dute Lasuenek Durangaldean eta Euskal Herrian egin zuen lan handia. Elkainaren 1ean, ehun urte beteko dira «politikari, enpresari, euskal idazle eta historia ikertzailea» izan zen zaldibartarraren jaiotza. Azpimarratu dutenez, kultura suspertzeko lan handia egin zuen. «Kultur bizitzan eragin eta ereindakoa» «Zaldibarko Koraleko presidente modura eta Zaldibarko alkate modura, herriko kultur bizitzan eragin eta ereindakoa izan zen. Tartean, dantzaria ere izan zen, zortzi urterekin 1932. urtean atera zen lehenengoz plazara», gogoratu dute. Ildo beretik, Eneritz Azpitarte Aranzabal Zaldibarko alkateak adierazi du «aukera ezin hobea» dela «Balendin Lasuenek gure herriaren, eskualdearen eta Euskal Herriaren alde egin zuen lan nekaezina gogoratzeko». «Pasio eta konpromiso handiz sustatu zituen euskara, kultura, ikerketa eta udalgintza. Pasioz eta konpromisoz jardun, hain zuzen ere, dena berreraikitzeko zegoen garaian. Balendin Lasuen beti izango dugu gogoan gure herriaren alde egindako guztiagatik», azaldu du udal agintariak. Herriko abesbatzak hartuko du parte, eta udal ordezkariak eta Gerediaga Elkartekoak egongo dira omenaldian, Lasuenen senideen ondoan. Omenaldiaren ostean, dantzarako tartea zabalduko da, eta bederatzi pieza dantzatuko dituzte: ‘Agintariena’, ‘Zortzinangoa’, ‘Ezpata joko txikia’, ‘Banangoa’, ‘Binangoa’, ‘Ezpata joko nagusia’, ‘Launangoa’, ‘Makil-dantza’ eta ‘Txotxongiloa’. ‘Soka-dantza’ edo ‘erregelak’ egingo dira ondoren, ekitaldiari amaiera emateko. Dantza saioaren ondoren, erromeriaAurreratu dutenez, euria bada kiroldegira eramango dute dantza saioa, eta horren ondoren, 14.30etik aurrera, erromeria izango da kalez kale Gorka Valdes soinulariarekin eta Mikel Elizaran panderojolearekin. Zaldibar, Berriz, Durango, Iurreta, Mallabia, Otxandio, Mañaria eta Zornotzako dantza taldeak izango dira larunbatean Zaldibarren, baita Durangaldeko txistulariak, besteak beste Jaizale eta Udazken txistularien taldeak.Gerediaga Elkarteak laguntzen du kudeaketan, eta Zaldibarko Udalak ekitaldia egiteko dirulaguntza eman du. Nabarmendu dutenez, kultur ondare dira dantza taldeak eta txistulariak, eta garrantzi hori azaleratzea eta aldarrikatzea dira hitzorduaren helburu nagusiak. Gogora ekarri dute, XIX. mendean, Durangaldeko herri batzuetan bakarrik gorde zen ondarea kontserbatu eta aldarriku behar dela.