2024 EKA. 05 Gaur X urte Mariasun Landak 76 urte beteko ditu gaur Haur eta gazte literaturan egindako ibilbideagatik da ezaguna Mariasun Landa, baina irakaskuntza munduan ere bide oparoa izan du. ‘Galtzerdi suizida’ edota ‘Krokodiloa ohe azpian’ izan daitezke bere lanik ezagunenak. Mariasun Landa Errenterian jaio zen duela 76 urte. (Andoni Canellada | FOKU) GAUR8 1949an jaio zen Mariasun Landa, Errenterian, gaur bezalako egun batez. Batez ere haur eta gazte literaturan egin duen lanagatik da ezaguna, baina feminismoan eta euskalgintzan ere etengabeko ekarpena egiten ari da. Frankismo betean jaio zen Landa, eta gizarte langintza ikaskeketan graduatu ondoren, Filosofia ikasketak egin zituen Parisen. 70.hamarkadan itzuli zen Euskal Herrira, euskalduntzeko asmoz. Zarauzko ikastolan sartu zen irakaskuntzaren munduan Anjel Lertxundirekin batera. Ondorenera, euskarazko materiala sortzen jardun zuen, eta erretiroa hartu aurreko azken urteetan EHUko Irakasleen Unibertsitate Eskolan Literaturaren Didaktika irakasten jardun zen. 1982.urtean argitaratu zuen ‘Amets uhina’ liburua. Eta ordutik aurrera hamarnaka lan argitaratu ditu. Fantasia landu zuen hasieran, bigarren etapa batean errealismo kritikoa deritzon generoa lantzeari ekin zion. Bere liburuetako bereizgarri bat izan ohi da generoaren estereotipoak birplanteatzea, rolen banaketa ez-sexista eginez. Horretarako, bere lanetan emakumea izan ohi da protagonista eta rol propioak hartu ohi ditu. 2024ean Emakunde Saria jaso zuen, «emakumen eta nesken duintasunari» egindako ekarpenagatik. Saria jaso ostean, Maider Iantzik elkarrizketa ederra egin zion NAIZen. Bertan gogoratu zituen bere ibilbidearen gorabeherak, eta egun mundua ikusteko duen begirada, «begiak irekitzen dituzunean, ez dituzu berriro ixten» , aitortu zuen.