2024 EKA. 06 Bisita gidatu bereziak Ekainberrin, Ekaingo kobaren aurkikuntzaren 55. urteurrenean Bisita gidatuen programa berezia egingo dute larunbatean Ekainberrin, Ekaingo kobazuloa aurkitu zuteneko 55. urteurrena betetzen denean. Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri aurkikuntzaren protagonistak gogoratuko dituzte. Irudian, Rafael Rezabal eta Maria Jesus Arregi Andoni Albizuriren alarguna, aurkikuntzaren 50. urteurreneko ekitaldian. (Marisol RAMIREZ | FOKU) GAUR8 Gipuzkoako Foru Aldundiak Ekaingo kobazuloa Zestoan aurkitu zeneko 55. urteurrena ospatuko du larunbatean, Ekainberrin, bisita gidatuen programa berezi batekin. Aurkikuntza eta aurkitutako pinturen garrantzia azaltzeko bisitak 12.00etan eta 16.00etan izango dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakitera emandakoaren arabera. Gainera, bigarren urtez jarraian, 15 urteko zestoarrak Ekaingo muinora igoko dira urteurrena ospatzeko. Urteurrenak, gainera, aurkikuntzaren protagonistak gogoratuko ditu, Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri Azpeitiko Antxieta elkarteko kideak. 1969ko ekainaren 8 hartan giza okupazioaren aztarnak bilatzen zituzten kobazuloaren inguruan, zulo batetik zetorren aire hotzezko korronte bat sentitu zutenean. Bidea oztopatzen zieten harrizko bloke batzuk baztertu ondoren, arrastaka iritsi ziren galeria estu bateraino, non ‘zaldien panel handia’ deritzona aurkitu zuten. Andre Leroi-Gourhan etnologo frantsesaren esanetan, «Kuaternarioko artearen zaldi multzorik perfektuena» da multzo piktorikoa. Aranzadi Zientzia Elkarteak, orduan Jose Migel Barandiaran buru zela, 13.000 edo 14.000 urteko antzinatasuna zehaztu zuen, Goi Paleolitoaren amaieran, Goi Magdaleniense izeneko kulturaldian kokatuz. Ekaingo haitzuloan 70 animalia daude. UNESCOk 2008ko uztailaren 7an egin zuen konferentzian, Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen Ekain, Altxerri (Gipuzkoa) eta Santimamiñe (Bizkaia) haitzuloekin batera.