GAUR8 - mila leiho zabalik

Lanak aurkezteko epea zabaldu du Lezoko Antzerki Testu Laburren II. Lehiaketak

Lanak aurkezteko epea zabaldu du Lezoko Antzerki Testu Laburren Lehiaketak, deialdi berriaren irudi izango den kartela aurkeztu berritan. Francisco Javier Irigaray gasteiztarraren lana izan da saritua.

Lezoko Antzerki testu Laburren Lehiaketaren II. edizioa iragarriko duen kartela. (Lezoko Udala)

Lezoko Antzerki Testu Laburreko Lehiaketaren bigarren edizioak badu irudia, eta gaur bertan zabaldu da lanak aurkezteko epea, hurrengo irailaren 6ra arte luzatuko dena.

Francisco Javier Irigaray gazteiztarraren proposatutako irudia aukeratu du Aintzane Intxaurraga antzerki zuzendariak (HIKA Teatroa), Miriam Sanchez disenatzaile grafiko errenteriarrak eta Xanti Val Lezoko kultura teknikariak osatutako epaimahaiak.

Arkatz baten irudia ardatz duen kartelak «ederki biltzen du iragarri behar duen lehiaketaren sena. Batetik, arkatzaren erabileragatik eta, bestetik, arkatza beraren tamainarekin jokatzeagatik», adierazi du Xanti Valek.

Leiaketaren bigarren edizioaren atarian, Aitor Saizar kultura zinegotziak lehiaketari jarraipena ematearen aldeko apustua nabarmendu du, Euskal Herriko arte eszenikoen testuinguruan Lezo erreferente eginez. Azpimarratu du, bestalde, kartelaren aukeraketarekin diseinatzaile grafikoen lana nabarmendu nahi izan dutela.

Saizarrek azaldu du kartelaren egileari dagokion sari ekonomikoa Francisco Javier Irigaray kide den Vicente Ferrer Fundaziora joango dela, berak hala eskatuta.

Deialdi berriaren inguruan, Aintzane Intxaurragak zehaztu du «antzekotasun handiak» dituela iazkoarekin. Azaldu dutenez, sei lan hautatuko dituzte aurkeztutakoen artean. «Testuen luzera gutxienez hamar minutuko piezak egiteko baliagarria izan behar da, 15 minutuko mugarekin, eta derrigorrez, bi pertsonaia agertu beharko dira».

Lanetan, gainera, Lezo «modu zuzenean edo zeharka» agertu behar da, eta komedia, tragikomedia eta absurdoaren alorreko izaera izan beharko dute testuek.