GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Hamar urte erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katetik

Hamar urte igaro dira Gure Esku Dagoren ekimen arrakastatsuenetik, Iruñea eta Durango giza katearen bidez lotu zituenetik. Orotara, 123 kilometro osatu zituzten 150.000 herritarrek.

Giza katea Uharte-Arakilen, zerutik ikusita. (Luis Jauregialtzo | FOKU)

Durango eta Iruñea lotu zituzten duela hamar urte 300.000 eskuk. Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea izan zen, ‘gure ESKU bidea’ goiburutzat hartu zuen azken urteetako ekimenik jendetsuenak.

Belaunaldi oso bat markatu zuen eta garai historiko baten mugarria izan zen Gure Esku Dagok antolaturiko ekimena. Herritarren erabakitzeko eskubidea jarri zuten erdigunean ekimena aurkezterakoan: «Ekimen kolektibo honetan, herritarrek hartuko dute protagonismo osoa, herri gisa gure etorkizuna guk geuk erabakitzeko eskubidea dugula eta eta erabakia herritarroi dagokigula baieztatzeko»

Zenbakietara eraman daiteke, 150.000 pertsonak hartu zuten parte, 900 autobus abiatu ziren herrietatik, 2.500 bolondres aritu ziren lanean, 123 kilometro osatu ziren guztira eta NAIZ.eus atariak 90.000 sarrera baino gehiago izan zituen egun hartan.

Goizeko 10.00ak aldera hasi ziren herritarrak beren kilometroetara iristen, eta eguerdiko 12.00etarako osatu zen katea. Iruñeko Antoniutti parkean abiatu zen katea, Nafarroatik Gipuzkoara sartu, eta Arrasatetik Elorriora, ostean Abadiñora eta amaitzeko Durangoko Landako gunera iritsiz.

Durangon, Bergaran, Lazkaon, Etxarri Aranatzen eta Iruñean izan ziren giza katearen osteko Gure Esku Dagoren festaguneak.

Iparraldetik ere babesa

Hego Euskal Herria zeharkatu zuen giza kateak, baina maiatzaren 31an Ipar Euskal Herriko zenbait lekutan ere giza kateak egin ziren ekimenarekin elkartasunez: Hendaian, Saran, Larrainen eta Izpegin.

Alderdi politikoek hartutako posizio dagokionez,  EAJk,  EH Bilduk, Podemosek eta Ezker Batuak hasieratik babestu zuten ekimena. Ezker Anitzak eta Iratzarri-EKIK ez zutela parte hartuko iragarri zuten, «ekimena nahasgarria» zela iritzita. Eta PSE-EE eta PP hasieratik agertu ziren erabakitzeko eskubidearen eta Gure Esku Dagoren aurka, nahiz eta, PSE-EEko Gemma Zabaletak ekimenean zein ekimenaren aurreko hainbat mahaingurutan parte hartu zuen.