2024 EKA. 09 ‘El viaje de Si02’ eta ‘Txantxangorri kuantikoa eta bestelako izaki magikoak’, ON Zientzia lehiaketaren irabazleak ‘Si02 bidaia’ eta ‘Txantxangorri kuantikoa eta bestelako izaki magikoak’ lanak dira ON Zientzia zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburren sariketaren azken edizioaren irabazleak. Ehun lan jaso ditu deialdiak, gehienak euskaraz. Irudian, saridunak ostiralean Tabakaleran egindako sari banaketa ekitaldian. (Elhuyar Fundazioa) GAUR8 ‘SiO2 bidaia’ eta ‘Txantxangorri kuantikoa eta bestelako izaki magikoak’ bideoek irabazi dituzte zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenen ON Zientzia sariak, hamalaugarren urtez Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatuak.Ostiral arratsaldean banatu ziren sariak Tabakaleran, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen, Jon Abril Elhuyarreko koordinatzaile nagusiaren eta Ricardo Díez Muiño DIPCko zuzendariaren eskutik.Elhuyarrek eta DIPCk Teknopolis telebista-programaren barruan antolatzen dituzte sari hauek, publiko orori zuzendutako zientziari eta teknologiari buruzko bideo labur eta originalen ekoizpena eta hedapena bultzatzeko.Edizio honetan ehun lan jaso dira guztira, euskaraz gehienak. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetatik heldutako bideoak izan dira gehienak, baina Argentinakoak, Txilekoak edo Mexikokoak ere jaso dira, besteak beste. Bideoak, webgunean ikusgai Parte hartzen duten bideo guztiak ikusgai daude lehiaketaren webgunean. Dibulgazioko bideo onenaren saria, hiru mila eurokoa, Paula Alonso eta Pablo Fernandez madrildarrek jaso dute, ‘El viaje de SiO 2’ bideoagatik. «Gertuko adibide baten bidez, hondartzan familia ikerketa bat antolatzeko aitzakia eskaintzen du. Zientzia oso ondo kontatuta dago, geologiari eta bere oinarrizko kontzeptuei buruzko azalpen bikainekin», nabarmendu du epaimahaiak lanaren inguruan. Jon Puignau donostiarrak irabazi du euskarazko bideo onenaren saria, bi mila eurokoa, ‘Txantxangorri kuantikoa eta bestelako izaki magikoak’ lanagatik. Epaimahaiaren arabera, «meritu handiko lana da, naturaren elementuen bidez oso urrun zirudien mundu batera hurbiltzen gaituelako», eta «formula matematikorik gabe, estetikoki ederra zen lan baten bidez, azaldu ezinezkoak ziruditen kontzeptuekin ausartzen da». Umore ukituak, gaukotasuneko gaiak... Mila euroko saria Miren Ayerdi Suarez, Arhane Torres Redondo eta Malen Irurzun Alzualde Errenteriako ikasleentzat izan da, ‘Dolly ardia’ lanagatik. Epaimahaiaren hitzetan, «ikono historiko bat berreskuratuz, oso modu atseginean aurkeztu dute oinarrizko eta gaurkotasuneko gai bat, umore ukitu batekin». Gainera, epaimahaiak bi aipamen berezi egin ditu, horietako bat Maddi Piris Otaegui ikasle donostiarrarena, ‘Adimen Artifiziala: funtzionamendua eta erronkak’ lanagatik. Izan ere, «eguneroko gai bat azaltzen jakin du, adibide oso sinpleen bidez, harridurazko elementuak erabiliz eta bere erronkak eta zailtasunak ondo azalduz». Bigarren aipamen berezia Patxi Juaristi Azkue azpeitiarrarentzat izan da, ‘Korronte ozeanikoez’ lanagatik. Epaimahaiaren arabera, «klima aldaketaren testuinguruan, gaurkotasuneko gai bat oso ondo azaldu du kalitate handiko irudi eta baliabideen bidez». Epaimahaiaren sariez gain, publikoaren saria jaso du Noa Manso Curros eta Lydia Duro Ermua ikasle bizkaitarren '‘Minaren sekretuak ezagutzen dituzu?’ bideoak. Epaimahaia honako hauek osatu dute: Marian Iriarte Ormazabal, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Kimika Fakultateko dekanoa eta zientzia dibulgatzailea; Onintze Salazar Pérez, Euskalmeteko fisikaria; Jon Mattin Matxain, EHUko ikertzailea eta DIPCko kidea; Itxaso Azcune, DIPCko komunikazio teknikaria; eta Nagore Rementeria Argote, Elhuyarreko kide eta Teknopolis programako zuzendaria. Ekitaldia Teknopolis telebistako saio berezi batean emango da ekainaren 15ean, 13.30ean, ETB1en, eta ekainaren 16an, 11.30ean, ETB2n.