2024 EKA. 14 Gazte migratzaileen inklusioan lan egiten duen Agharas amazigh elkartea Baserriko Uzta ekimenean egongo da Agroekologia eta musika ardatz dituen Baserriko Uzta ekimena hilaren 22an egingo dute Itsasoko Urteaga Urkulegi Etxaldean, gonbidatu bereziekin: ‘Kantu bat gara’ ikuskizuna eskainiko dute formatu akustikoan, eta Agharas amazigh gazte migratzaileekin lan egiten duen elkartearen emanaldia iragartzen dute. Agharas elkarteko kideak, baratzean. (Agharas amazigh) GAUR8 Itsasoko Urteaga Urkulegi etxaldean Baserriko Uzta ekimenaren edizio berri bat egingo dute hurrengo larunbatean, hilak 22an. Bertako ekoizpen ekologikoa ezagutzeko eta dastatzeko hitzordu berezi horretan, Jon Maiak, Gorka Hermosak eta Pello Ramirezek ‘Kantu bat gara’ ikuskizunaren emanaldi berezia eskainiko dute, hiruko formatu akustikoan joko baitute. Aurten, gainera, Agharas amazigh elkartea batu da aurtengo egitaraura, bazkal osteko emanaldi txiki bat eskainiz. Egitaraua 10.30ean abiatuko da, ondoren Etxaldearen bisita egingo dute eta hamaiketakoaren ostean, ‘Kantu bat gara’ ikuskizunaren emanaldia izango da. Mahai inguruan bilduko dira parte hartzaileak bazkari agroekologikoa dastatzeko, eta bazkalostean izango da Agharas elkarteko kideen emanaldia. Kulturartekotasuna eta kohesioa «Kulturartekotasunean eta kohesio sozialean» lan egiten duen elkartea da Agharas. Barakaldon du egoitza, eta 2013tik Amazigh kultura zabaltzen eta migratzaileei babesa eskaintzeko ekintzak antolatzen dihardu. Ekintza horien artean, kultura arloan gazteen integraziorako baliogarriak diren tailerrak dira nabarmenenak. Izan ere, kultur sorkuntza horren lagin bat eskainiko dute larunbatean Itsason. Elkartearen jarduna, halere, ez da tailerretara mugatzen. Gogoratu dutenez, duela lau urtetik hona kalean bizi diren gazteentzat afariak prestatzen dituzte astean hirutan, eta menu horietako jakiak euren kabuz eskuratzeko, proiektu berezi bat jarri dute abian. «Gurutzeta auzoko lursail batean baratza lantzen hasi dira, auzolanean, herritarrekin batera. Beraz, kohesioa, lurraren zaintza eta elkartasuna loratzen dira egitasmoari esker», azaldu dute. EHKOlektiboak Agharas elkartearekin abiatutako elkarlan horri esker zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboen elikadura eskubidearen aldeko ildoa garatzen ari dira. Ekoizpen ekologikoa lantzeaz gain, «ekonomia sozial eta solidarioaren eta tokikotasunaren» inguruko balioetan lan egiten ari dira, bestelako helburuak jorratuz: «harreman ekonomiko duin eta bidezkoak garatzea, genero berdintasuna sustatzea, merkaturatze bide laburrak sortzea eta bertako hornitzaile eta zerbitzuak erabiltzea». Parte hartzeko, ‘EHKOlektiboa’ren webgunean eman behar da izena.