GAUR8 - mila leiho zabalik

EHUko ikertzaileak aintzatetsi dituzte 2023ko SEMED ikerketa sarietan elikadurarekin lotutako lanagatik

Ignacio Escribano Ott doktoregaiaren eta bere ikertaldearen lana saritu duet Kirol Medikuntzako Estatu espainoleko Elkarteak ematen dituen SEMED sarietan, elikadura osagarri berri bati buruz egindako azterlan berritzailearengatik. Kirol arloan duen inpaktua azpimarratu dute.

Ikerlana saskibaloiko errendimenduan zentratu da. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Kirol Medikuntzako Estatu esapinoleko Elkarteak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ignacio Escribano Ott doktoregaiari eta bere ikertaldeari eman die Ikerketa arloko 2023ko SEMED sarietako bat, elikadura osagarri berri bati buruz egindako ikerketa berritzailearengatik. Ikerketaren ahalegin zientifikoa, kalitatea eta kirol medikuntzaren arloan duen inpaktua aitortzen ditu sariak.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, kreatinaren formula berri baten erabilerari buruzko ikerketa aitzindariak jaso du Kirol Medikuntzako Espainiako Elkartearen 2023ko Ikerketa arloko SEMED saria. Escribano Ott izan da ikerketaburua, eta Julio Calleja-Gonzalez (EHU) eta Juan Francisco Mielgo Ayuso (Burgosko Unibertsitatea) tesiko zuzendariak izan ditu lankide. Gainera, Javier Ochoa (Queiron CrossFit Navarra) eta Sergej Ostojic (University of Agder) ikertzaileek ere parte hartu dute.

Baskonia saskibaloi taldeko nutrizionista gisa lan egiten du Escribanok Ottek, eta lanarekin uztartzen du ikerketa. Hala, azterlanaren garrantzia nabarmendu du: «formula berritzaile honek azido guanidinoazetikoarekin aberasten du kreatina, eta emaitza esperantzagarriak erakutsi ditu saskibaloi jokalarien errendimendua hobetzeko». Erantsi duenez, «nutrizioak gorputzari eta buruari nola eragiten dion erakusten du lan honek, ikuspegi integratzailearen bidez».

Gizonezkoek eta emakumezkoek hartu dute parte

Gizonezko zein emakumezko saskibaloi jokalariek parte hartu zuten ikerketan, eta konparaziozko azterketa bat egin zen. Hala, azido guanidinoazetikoaz aberastutako kreatina hartu zuen taldeak emaitza hobeak eskuratu zituen kontramugimenduko jauzi probetan eta heltze indarraren probetan. Era berean, onura kognitiboak hauteman ziren atletengan, baita erabakiak hartzeko eta kontzentratzeko gaitasunaren hobekuntza ere.

Era honetara, ikerlanaren aurkikuntzek sendotu egin dute nutrizioak kirolean eta, bereziki, saskibaloian duen garrantzia. Halaber, erakutsi da kreatinaren eta azido guanidinoazetikoaren formula berriarekin osatutako elikadurak eragin positiboa duela gaitasun fisikoetan eta mentaletan.