GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur 54 urte hil zen Mexikon Pilar de Zubiaurre intelektuak garaitarra

Gaur 54 urte Pilar de Zubiaurre intelektual eta idazle garaitarra hil zen Mexikon exiliatuta zegoela. Madrilgo kultur munduaren pieza garrantzitsua izan bazen ere, gerizpera kondenatu zuten.

Gaur 54 urte zendu zen Pilar de Zubiaurre. (WIKIMEDIA)

Madrilgo 1920 eta 1930 hamarkadetako kultur mugimenduko eragile esanguratsuenetako bat izan zen, baina ebatsi egin zioten sona izateko aukera, ziur aski, andrea zelako. Pilar de Zubiaurre idazlea gaurko egunez hil zen Mexikon, 1970an. 54 urte pasatu dira.

Bizkaiko Garai herrian jaio zen izen handietatik baztertu zuten intelektual hau, 1884an. Abadiñoko Lebario baserrian hazi zen, eta lau seme-alaba zituela egin zuen Madrilera. Valentin de Zubiaurre musikari ezagunaren alaba zen, eta Ramon eta Valentin anaiak margolari sonatuak zituen. Egiaz, jende artistaz inguratuta zegoen Pilar: lagun zituen Juan Ramon Jimenez, Ortega y Gasset, Garcia Lorca edo Alberti, kasurako.

1926an, beste emakume batzuekin batera –Maria de Maeztu eta Victoria Kent el Lycedum, besteak beste– ‘Emakumeen Kluba’ sortu zuen, tertulia kulturalak edo erakusketak bultzatu zituen andrazkoen lehenengo taldea Estatu espainiarrean. Pilar de Zubiaurre intelektual handia zen, baina gizonek botatako gerizpean geratu zen harrapatuta.

Konpromiso handia zuen politikarekin eta inguratzen zuen munduarekin, eta Manuel Azañaren ideiak defendatzeak exiliora eraman zuen, lehenengo Estatu frantsesean eta gero Mexikon. Han, ez zion idazteari utzi, eta ‘Euzko-Deya’ agerkarian argitaratzen zituen bere testuak, pseudonimo baten pean gehienetan.

Mexiko Hirian hil zen, gaur 54 urte, hain justu, Garaiera itzuli eta behin betiko bertan bizitzea erabakia zuenean. Bere ilusioa zen Anbotori begira lurperatu zezatela, eta hala egin zuten.