2024 UZT. 02 Gaur X urte Duela 45 urte berritu zen Gipuzkoako armarria Armarriak eta banderak ez dira apaingarri hutsalak; aitzitik, errelato baten erakusgarri dira. Gipuzkoako ikur heraldikoa, esaterako, errelato desberdinen borroka zelaia bihurtu da, hainbat aldaketa egin zaizkiolako garai desberdinetan. Horien artean, 1979an egin zena. 1979etik indarrean dagoen armarriaren bertsioa. (BATZAR NAGUSIAK) Amaia Ereñaga Labur bilduta, zeren istorioa luzea da oso, Gipuzkoa irudikatzen duen ikur heraldikoa da, gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiak ikur instituzional gisa erabiltzen duena. Beste hainbat ikurretan ere erabiltzen da, hala nola Zazpiak Bat armarrian edo Lakuako Gobernuarena.Gipuzkoako Batzar Nagusien web orrialdearen arabera, lehen aldiz 1466an agertu zen –hori omen da aipamenik zaharrena–, Azkoitian elkartutako Batzar Nagusien agiri batean, zigilu itxurarekin. Harrezkero, zigilu izateko armarri izatera igaro eta, beste askok bezala, bilakaera luzea izan du. «XVI. mendearen hasieran Nafarroako Erresuman izandako gerra-gertaera larriek, eta, bereziki, Gaztelako erregearen zerbitzura zeuden gipuzkoarrak Belate eta Elizondon Frantziako armadarekin -Nafarroako erregearen aliatua- izandako borroketan ausardia handiz aritzeak eta haren artilleria boteretsua lortzeak Gipuzkoako zigiluaren eta armarriaren lehen aldaketa handia eragin zuten», irakur daiteke bertan. Izan ere, Juana erreginak herrialdeari arma gisa eman zizkion hamabi artilleria-pieza horiek. «Handik aurrera, 12 kanoiek erregearen irudiarekin partekatu zuten goiko kantoia, Medina del Campon 1513-II-28an emandako pribilegioagatik eta urte bereko azaroaren 23an Batzar Nagusiek Mutrikun egindako bileran hartutako erabakiagatik. Orduan sartu ziren armarriaren irudia eta goiko ezkerreko kantoiko urre-koloreko fondoa», dio web orrialdeak. Errepublikan, Euskal Herriko Autonomia Estatutua aldarrikatu zenean, 1931an Azpeitian eta geroxeago Lizarran egindako Euskal Udalen Batzarrak Gipuzkoako Aldundiari armarria aldatzeko eskatzea proposatu zuten, eta erregearen irudia (Monarkia ordezkatzen zuena) eta kanoiak (Nafarroarekiko liskarra gogoratzen zutenak) kendu egin ziren. «Gipuzkoako armarriaren aldaketa hura, erbesteko Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu bazuen ere, probintziak ez zuen aplikatu, armarri tradizionala erabiltzen jarraitu baitzuen», diote Batzar Nagusiek.Francoren diktadura amaitzeraino mantendu zen ofizialki. Baina aldatu egin zen azkenean, gaur bezalako egun batean: «1979-VII-2an Oiartzunen bildu ziren hurrengo Batzar Nagusiek onetsi zuten, Euskadiko Ezkerrak proposatuta, ordura arteko azken berrogei urteetan indarrean egon zen armarria ordeztea eta haren lekuan 1936-37an Eusko Jaurlaritzarekin indarrean egon zena jartzea», dio historiak. Hauxe deskribapena: «Kantoi bakarreko armarria, urrezko zelai baten gainean hiru hagin berde dituena, bat erdian eta beste biak alde bakoitzean, proportzio berean, eta zuhaitz horien oinetan urezko olatuak, zilarrezkoak eta urdinak, eta armarri hori besarkatuz basagizon bana alde bakoitzean eta behean legenda hau: ‘FIDELISSIMA BARDULIA NUNQUAM SUPERATA’». 1990an, armarriaren bertsio sinplifikatuaren logotipoa onartu zuten Batzar Nagusiek publizitatean erabili ahal izateko. Gaiak, dena den, ez du polemika ukiturik galdu. 2023an, hain zuzen ere, Nabarralde Fundazioak eta Hernani Errotzen Elkarteak, Hernaniko Udalaren laguntzaz, Gipuzkoako armarria hartu zuten hizpide ‘Gipuzkoako armarria / Iraganean, orainean eta etorkizunean’ izenpeko jardunaldian.