2024 UZT. 03 Gaur X urte Gaurko egunez gertatu zen 2006an Valentziako metro istripu larria Duela 18 urte, Valentziako metroan gertatu zen orain arte Espainiar estatuan garraiobide horretan izandako istripurik larriena; 43 hildako eragin zituen, eta beste 47 laguni era askotako lesioak eragin zizkien. Hamalau urte behar izan zituzten, epaiketarik gabe eta akusatuen eta Fiskaltzaren arteko akordio bidez, kalbario honen errudunei izena jarri ahal izateko. 2020an biktimen elkarteak, istripuaren urteurrenean, egin zuten protesta. (EUROPA PRESS ARTXIBOA) Amaia Ereñaga Ezbeharra 2006ko uztailaren 3an gertatu zen, Benedikto XVI.a aita santuak Valentzian Familien Munduko Topaketa ixteko lur hartu baino bost egun lehenago. Valentziako Metroaren 1. lineako UTA 3736 konboia, trenik zaharrena, Espainia plazako geltokitik zetorrena, errailetik atera zen Jesusen geltoki aurreko bihurgunean. Eguerdiko 13:03ak ziren. Bagoiak irauli ziren eta, horren ondorioz, 43 pertsona hil ziren, horien artean makinista. Hasieran zaurituta geratu zen, baina handik gutxira hil zen. Beste 47 bidaiarik ere mota desberdinetako zaurituak pairatu zituzten. Egun horretako hildakoetatik –bi zauritu egun batzuk geroago hil ziren–, hogeita hamar emakumeak ziren eta 16 Torrenteko bizilagunak, 1. linea amaitzen den udalerrikoak, alegia. Istripuaren ikerketaren arabera, konboia 80 km/h-ko abiaduran zihoan, baimendutakoaren bikoitza. Lehen ondorioetako bat izan zen gidaria zela istripuaren erantzule bakarra, ziurrenik zorabio baten ondorioz, baina ezbeharrean hil zenez, ezin izan zioten inoiz galdeketarik egin. Alderdi Popularraren «kudeaketa lotsagarria» salatu zuen oposizioak behin eta berriz. Canal Nouko langileek ere zentsura salatu zuten. Hortik aurrera, biktimen kalbarioa hasi zen. Metroko Uztailaren 3ko Biktima Elkarteko lehendakariaren esanetan, Beatriz Garrote, beraien borroka zen istripuaren erantzulea «ezin zela gidaria bakarrik izan eta erabakiak hartu zituzten pertsonak ere inputatu behar direla». Auzia behin baino gehiagotan artxibatu eta berriz ireki zuten, egin ziren ikerketa taldeak hala nolakoak izan ziren eta 2020an, istripua gertatu eta 14 urtera, ahozko epaiketa zabaldu zen. Instrukzio epaileak FGV enpresako hiru zuzendari deklaratzera deitu zituen, baina ez zen epaiketarik egon, akordio batera iritsi zirelako. Ahozko epaiketa hasi baino lau egun lehenago, akusazioen eta defentsen artean akordio bat lortu zen, eta, horren bidez, akusatutako FGVko zortzi zuzendarietatik lauk istripuan izandako erantzukizuna onartu zuten, eta 22 hilabeteko kartzela-zigor murriztua onartu zuten 43 homizidio deliturengatik zuhurtziagabekeria profesional larriagatik, beste 37 lesio deliturengatik eta beste bat omisio delituengatik edo langileen eskubidearen aurkako beharrezko lankidetza delituengatik. Eta eratzukizun politikoak? Ez ziren argitu, noski.