2024 UZT. 04 Gaur X urte Duela 90 urte hil zen Marie Curie Inolako zalantzarik gabe Marie Curie da emakume zientzialarien artean ospetsuena. Bi Nobel sari jaso zituen eta aitzindari izan zen hainbat alorretan. Duela 90 urte hil zen, 1934an, 67 urte zituela eta leuzemiak jota. Eta ez zuen radioak hil, X izpiekiko esposizio luzeegiak baizik. Pierre eta Marie Curie, lanean, 1904an. (WIKIPEDIA) Amaia Ereñaga Zalantzarik gabe, Marie Curie da emakume zientzialarien artean ospetsuena, eredu bat. Maider Eizmendik Zazpika aldizkarian 2020an argitaratu zuen ‘Emakume zientzialariak, oztopo asko eta errekonozimendu gutxi’ erreportajean zera zioen: «Ez da gutxiagorako: bizitzea tokatu zitzaion garaian emakumeek ikertzeko ez ezik, ikasteko ere zailtasunak zituzten eta Curiek emakume batek jasotako lehen Nobela lortu zuen 1903an. Gainera, bi Nobel sari jaso zituen lehenengo emakumea bihurtu zen 1911n; are, Nobel saria bakarka jaso zuen lehen emakumea izan zen. Bideak zabaldu zituen eta bideak zabaldu zizkien atzetik etorri diren guztiei. Horregatik, erreferentzia eta eredu bilakatu da eta askorentzat iraganeko emakume zientzialarien erreferentzia zalantzaezina da». Marie Sklodowska, ezkondu osteko izenagatik ezagunagoa, Marie Curie, Varsovian jaio zen 1867an, eta, garai hartan, Poloniaren zati hori Errusiak okupatuta zegoen. Fisikari eta kimikari legez, erabat bokaziozko ibilbide luze, gogorra eta oparoa egin zuen. Askotan, bakarkako lana eginda. Eta gure imajinario kolektiboarentzat ezinbesteko ikonoa bihurtu da denboraren poderioz. Bere bizitzari buruzko hainbat filme errodatu dira –Marjane Satrapi marrazkilari eta zinemagile iraniarrak, esaterako, ‘Radioactive’ kaleratu zuen 2020. urtean eta argi zioen: «Gorroto dut Marie Curieri buruz eman den irudi gozo eta erromantikoa»– eta, batez ere, biografia anitz egin zaizkio. Biografia horien artean agian nabarmentzekoa da bere alabak, Eve Curiek, 1937an idatzitakoa. Zientzia-dibulgazioaren klasikoa bihurtuta, euskaraz ere badago argitaratuta, Elhuyar Fundazioak itzulita. Egilearen gurasoak, Marie eta Pierre Curie, eta ahizpa, Irene Curie, goi-mailako zientzialariak izan ziren; hirurek jaso zuten Nobel saria. Gainera, Everen senarra, Henry Richardson Labouisse, Unicefeko burua zen erakundeak bakearen Nobel saria jaso zuenean, 1965ean. Eve kazetaria zen, eta liburu honetan kazetaritza onaren zorroztasunari heltzen dio. Liburuan ere amaren heriotza agertzen da. 1914an, erradioaktibitatea ikertzeko mundu mailako institutua sortu zutenean, Marie Curie izendatu zuten zuzendari. Baina urte horretan, gerra hasi zen eta alaba Irenerekin 150 erizainei erradiografiak egiten irakatsi zien. Gerra amaitu bezain laster bere lanera itzuli zen, eta bertan lan egin zuen, 1934an, 67 urte zituela leuzemiak jota zendu zen arte. Zendu zenean, hasiera hasieratik onartutzat eman zen heriotzaren eragilea radioa izan zela, baina ikertzaile talde bat ez zen iritzi berekoa nonbait. Marieren gorpua aztertuta, bere hezurretan radioaren aztarnarik egon bazegoela baieztatu zen, baina inor hiltzeko moduko kantitaterik ez zen atzeman. Ondorengo azterketek frogatu dutenez, X izpiekiko esposizio luzeak hil zuen Nobel sari bat jaso zuen lehen emakumezkoa.