2024 UZT. 05 Gaur X urte Jean-Louis Davant idazleak 89 urte bete ditu gaur 89 urte bete ditu gaur euskalgintzak Zuberoan duen erreferente nagusietakoak. Idazlea, filologoa eta euskaltzalea, Jean-Louis Davant da, jakintsu handi guztiek bezala, umila. Orain hilabete batzuk egin zitzaion elkarrizketa batean ikasketa hau helarazi zigun: «Itxaropena atxiki behar dugu, eta ekin, hitzez eta obraz ekin». Zorionak Davant jauna! Jean-Louis Davant 2021eko uztailean, ‘Abdelkader’ pastoralean. (Bob EDME) Amaia Ereñaga Jean-Louis Davant Iratzabal Ürrüstoi-Larrabilen sortu zen 1935ean. Bertan bizi da egun, sorterrian. Idazlea, ingeniaria eta euskaltzaina, euskalgintzak Zuberoan duen erreferente nagusietakoa da. Literatura genero ezberdinetan eta Euskal Herriko historian lan egin du eta poesia, eleberria, saiakera, haur literatura ipuin andana euskaratuz eta antzerkia pastoralarekin landu ditu. Euskaltzain oso izendatu izan zen 1975ean. Euskara batuaren sortzaileengan da, baina ere zubereraren sustatzaileetarik jakintsu bat. Haren ustez, euskalkiek euskara batua hazten dute, eta bata zein besteak beharrezkoak dira euskara biziarazteko. 2016an jaso zuen 2016ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria, euskararen eta euskal kulturaren eremuan egindako ahalegin eta ekarpenarengatik, belaunaldi oso baten erreferente bilakatu delako. «Iparraldeko Zuberoako errealitatea argi islatzen du haren pertsonak eta bere lana Euskal Herri osoari eskaini izan dio beti, katea eten ez dadin lagunduz», esan zuen epaimahaiak.Nabarmendu nahi izan zuten ere Arantzazuko bilkuran eginiko ekarpena, hirurogeiko hamarkadan euskararen batasunaren zorua adosten saiatuko zen Ipar Euskal Herriko azken lekukoa izanik. Halaber, ezaguna da Pastoralgintzan egin duen ekarpen oparo eta zabala. Eta egun, 89 urterekin, kontent bizi da. Horrela erantzun zion Maider Iantzi kazetariari joan den apirilean egin zion elkarrizketan: «Ongi, xahar bat bezala, baina ezin negarrik egin, ni baino okerragorik bada, asko, eta kontentu, bai. Bizirik, eta osasunean ene adinean ez nago gaizki. Suerte hori badut». «Zer erranen zenuke Zuberoako egoeraz? Agian gauza batzuk irabazten ari dira, eta bertzeak galtzen?», galdetu zion kazetariak. «Hori da. Xaharrak, euskaldun ginenak, joaten ari gara. Gero, asko galdu da, eta azkenean, eskolatik berpizten ari zaigu. Beraz, teilatuak bi malda ditu, bata eguzkitsua eta bestea iluna. Biak ikusi behar dira».