2024 UZT. 09 Gaur X urte 1922an Johnny Weissmuller igerilariak minutuko muga hautsi zuen 100 metroetan 102 urte bete dira Johnny Weissmuller igerilari eta aktoreak 100 metroetan minutuko muga gainditzea lortu zuenetik. 58,6 segundoan egin zuen distantzia. Johnny Weissmuller. (Wikimedia Commons) GAUR8 Gaurko egunez lortu zuek Johnny Weissmuller igerilariak 100 metroetako muga gainditzea, Duke Kahanamokuren errekorra hautsiz. Gerora, aktore gisa egin zen ezagun, hainbat pelikulatan Tarzanen papera eginda. Johnny Weissmüller Kersch kirolari eta aktore estatubatuarra izan zen, 1904ko ekainaren 2an jaioa. Banateko suabiarra zen eta hortaz aleman jatorrikoa. Zazpi bat hilabete zituela familiarekin Pensilvaniara, Estatu Batuetara, migratu zuen, nahiz eta urte batzuen buruan Chicagora aldatu ziren. Txikitatik agertu zuen igerian aritzeko trebetasuna eta 12 urte baino ez zituela hasi zen Young Men's Christian Association-eko igeriketa taldean 1920. hamarkadako igerilari onenetakoa izan zen, Olinpiar Jokoetan urrezko 5 domina eta brontzezko bat irabazirik. Estatu Batuetako 52 txapelketa irabazi eta denetara nazioarteko 52 errekor lortu zituen. Hain zuzen ere, 1922ko uztailaren 9an Duke Kahanamokuren mundu mailako errekorra gainditu zuen estilo libreko 100 metroetan, lehen aldiz minutua baino gutxiagoko denbora eginda, hots, 58,6 segundo. Igerilari ibilbidea amaitu ondoren, Tarzanen pertsonaia antzezten zuen seigarren aktorea izan zen, eta paper hori 20 filmetan antzeztuta, Tarzan guztietan ospetsuena izan zen. Aktore ibilbidearen ostean igerileku enpresa bat sortu zuen, baina ez zuen arrakasta askorik izan eta beste lanbide batzuetan ibili ostean erretiratu zen, osasun arazoak tarteko. Acapulcon hil zen 1984ko urtarrilaren 20an, 79 urte zituela biriketako edema baten ondorioz.