2024 UZT. 10 Kostaldeko 30 puntu baino gehiagotan dago KOSTASystem, arrisku klimatikoei aurre egin eta hondartzetan segurtasunez jokatzeko AZTI euskal ikerketa zentroak garatutako KOSTASystem kostaldeko hogeita hamar puntu baino gehiagoko sarean erabiltzen ari dira, itsasertzean gertatutakoa denbora errealean monitarizatu eta arrisku klimatikoeki aurre egiteko. Irudian, sistemaren instalazioak euskal kostaldean. (Maite Erauzkin-Extramiana) GAUR8 KOSTASystem Azti euskal zentroak garatutako sistemak kostaldeko informazioa monitorizatzen du denbora errealean. Tresnak, beraz, erabilgarritasun handia du arrisku klimatikoei aurre egin eta hondartzetan bainua bezalako jarduerak era seguruan egiteko.Euskal kostaldean, Estatu espainolekoan eta frantsesekoan ezarrita dago aipatutako sistema. Estazio bana dago kostaldeko hogeita hamar puntu baino gehiagotan, eta kostaldea denbora errealean monitorizatzeko eta egungo zein etorkizuneko arrisku klimatikoei aurre egiteko erabiltzen da.«KOSTASystem itsasertzak monitorizatu ahal izateko bideometrian oinarritzen den sistema bat da, eta eguzki panelez elikatutako bideo kamerak eta adimen artifizialeko algoritmoak konbinatzen ditu irudiak prozesatzeko», azaldu dute AZTIko iturriek ohar batean.Nabarmendu dutenez, kostaldeak etengabe monitorizatzen ari den tresna da eta «udalerriek klima aldaketak eragindako ondorioak ezagutzeko eta behatzeko baliatzen» dute. Sistemak, gainera, «jazo daitezkeeen arriskuetan oinarrituta, erabakiak hartzen lagundu dezakeela» argitu dute. Aldaketen berri emateko Tresnak, bestalde, itsas lerroen eboluzioa eta hondartzaren forman gertatzen diren aldaketak ebaluatzen ditu. «Esaterako, hondar espazioaren galera edo hondarraren distribuzioa», eta olatuen inpaktua eta eragina neurtzen ditu, portuetan, bestelako azpiegituretan eta pasealekuetan.«Horrenbestez, alde batetik, denboraleek kostaldean izango duten inpaktua iragarri eta ekaitzaldietarako alerta goiztiarreko sistemak baliozkotu daitezke, eta, bestetik, horien ondorioak arintzeko neurrien diseinuan aurre egiten laguntzen dute, bai epe ertainera, bai epe luzera», azaldu dute AZTIko zientzialariek.Dituen funtzioen artean, zaborraren dinamika monitorizatzen laguntzea ere badago, baina bada bereziki azpimarratu duten erabilera: sorospen zerbitzuentzat duen erabilgarritasuna. 2013. urtetik erabiltzen ari da, hondartzetako korronte arriskutsuak detektatu eta aurreikusteko.