GAUR8 - mila leiho zabalik

Arrantza hondakinekin egindako ongarri biologikak ikertzen ari da Neiker buru duen proiektu europear bat

Arrantza hondakinekin egindako ongarri biologikoak ikertzen ari da Neiker euskal zentro teknologikoak koordinatzen duen ikerketa proiektu bat. Ongarri tradizionalen aurrean, «askoz jasangarriagoa» den alternatiba dira, adituen esanetan.

Arrantza hondakinekin egindako ongarri biologikoak garatu nahi dituzte, ongarri mineralen erabilera murrizteko. (Neiker)

Arrantza hondakinak erabiliz egindako ongarri biologikoak aztertzen ari dira adituak Neiker euskal zentroak koordinatzen duen ‘SEA2LAND’ izeneko Europako ikerketa proiektu batean.

Ongarri biologikoen eta bioestimulatzaileen garapenean sakontzen ari da euskal zentroa azken urteetan. Kasu honetan, ‘Producing advanced bio-based fertilizers from fisheries Wastes (SEA2LAND)’ proiektu europarra koordinatzen ari dira Neikerreko ikertzaileak, arrainaren hondakinetatik eta akuikulturarekin lotutako jardueretatik abiatuta, oinarri biologikoko ongarriak garatzeko.

Ohar batean zentroak azaldu du «nitrogeno, fosforo, potasio eta antzeko substantzia mineralez osatutako ongarri tradizionalak» direla lurrak elikatzeko garaian, eta horien ekoizpena «energia kantitate handiak eskatzen» dituzten eta ingurumenean inpaktu handia duten prozesu industrialen mende dagoela gogoratu du.

Testuinguru horretan, ongarri jasangarriagoak bilatzea «lehentasuna» da nekazaritza sektorearentzat. Europan, osagai mineraleko ongarrien erabilera %78 ingurukoa da oraindik.

Garatzen ari diren ikerketa proiektuan, arrain hondakinak eta akuikulturari lotutako jarduerak dira ongarri berrien oinarria.

«Arrain hondakinetako nutrienteak birziklatuz, lurzoruaren emankortasuna modu jasangarrian mantendu eta hobetu daiteke. Gainera, lurrari materia organikoa ematen diotenez, lurraren egitura eta ura atxikitzeko ahalmena hobetzen da eta higadura murrizten da», azaldu du Marta Aranguren Neikerreko Baliabide Naturalen Kontserbazio Departamentuko ikertzaileak.

Ikerlanean bi saiakuntza egin ditu Neikerrek jarraian Derioko instalazioetan, hiru ongarri mota probatuz: arrain lohizko pelletak, arrain proteina eta arrain hondakinen egindako soluzio bat.