2024 UZT. 15 Nazioarteko 500 fisikako aditu biltzen dira aste honetan Donostian Aste honetan zehar nazioarteko fisikarien topaleku izango da Donostia, ikerketa, transferentzia teknologikoa edota dibulgazioan eta irakaskuntzan egin diren aurrerapenak aztertzeko. Fisikako goi mailako aditu ugarik hartuko dute parte. Irudian, fisikarien topaketaren une bat Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU) GAUR8 Astelehen honetan bertan hasi da topaketa, eta ostiralera arte nazioarteko 500 aditu bilduko ditu Donostian Fisikako Espainiako Errege Elkartearen XXXIX. Bienalak. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan ospatzen ari da adituen bilkura, ikerketa, transferentzia teknologiko, dibulgazio zientifiko eta fisikaren irakaskuntzan egin diren aurrerapenen inguruan hausnartzeko.EHUk eta Fisikako Espainiako Errege Elkarteak elkarlanean antolatu dute topaketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren, Donostia International Physics Centerren (DIPC), Materialen Fisika Zentroaren eta Multiverse enpresaren laguntzarekin.Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egunero osoko bilerak egingo dira Musikene Euskal Herriko Musika Goi Ikastegiaren egoitzan, goizez. Nazioartean izen handia duten aditu batzuek hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dituzte fisikaren egungo erronkei buruz, hala nola fisika kuantikoaren XXI. mendeko iraultza, adimen artifizialak fisikan duen inpaktua edo emakumeen lidergoa fisikan.Arratsaldez, berriz, sinposio espezializatuak egingo dira EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, besteak beste, fisikaren irakaskuntza, materialen fisika, teknologia kuantiko, fisika mediko edo fisika nuklearraren inguruan.Fisikako goi mailako aditu ugari izango dira egunotan Donostian, besteak beste, Ursula Keller (ETH Zurich), laserren fisikan eta prozesu ultralasterretan aditua eta emakume zientzialarien bultzatzaile handia; Claudio Zeni (Microsoft), adimen artifizialarekin material berriak aurkitzeko lanean dabilena; Alessandra Buonanno (Fisika Grabitazionaleko Max Planck Institutua), puntako ikertzailea grabitazio uhinetan; Ignacio Cirac (Optika Kuantikoko Max Planck Institutua), ordenagailu kuantikoaren aitzindarietako bat. Tesi onenen sariak Ikertzaile gazteek eta emakumezko ikertzaileek protagonismoa izango dute topaketaren barruan, eta doktore ikasleen eta doktoratu osteko ikertzaileen ekarpenak sarituko dituzte.Talentu gaztea bultzatze aldera, Fisika Teorikoa eta Partikulen Fisika moduko arloetako Estatu mailako doktore tesi onenak sarituko dira, eta Fisikako Espainiako Errege Elkarteak eta Europako Fisika Elkarteak batera ematen dituzten doktore tesi onenen sariak ere banatuko dira. Javier Argüello Luengo (Bartzelonako ICFO institutua), Niklas Friedrich (Donostiako CIC nanoGUNEa) eta Jorge Roser Martinez (Alemaniako Lübeckeko Unibertsitatea) dira aurtengo sarituak.Halaber, publiko orokorrarentzako moduko jarduera berezi bat programatu da astearterako, uztailaren 16rako, 19.00etan, Donostiako Bulebarrean. Supereroankortasunari buruzko saiakuntza batzuk egingo dituzte, materialetako fenomeno interesgarrienetako bat baita. Fisika modu dibulgatzailean eta publiko guztietara egokituta zabaltzeko jarduera izango da.