2024 UZT. 16 Gaur X urte Miguel Indurainek 60 urte bete ditu gaur 60 urte bete ditu gaur Miguel Indurain txapeldun handiak. Euskal Herriak eman duen txirrindulari onena 1964ko uztailaren 16an jaio zen Atarrabian. Bost Tour jarraian irabazitakoa, bere umiltasun eta apaltasuna betirako gogoratuko dituzte zaleek. Miguel Indurain, aurten bertan, Kern Pharma taldearen aurkezpenean. (Aitor KARASATORRE | FOKU) NAIZ Miguel Indurain Larraya, Euskal Herriak eman duen ziklistarik onena, Atarrabian jaio zen 1964ko uztailaren 16an. Txirrindulari profesionala 1984 eta 1996 artean, Frantziako Tourra bost urtez jarraian irabazi zuen, 1991tik 1995era, eta baita Italiako Giroa ere bi aldiz jarraian, 1992an eta 1993an; gainera, erlojupeko munduko txapelduna izan zen 1995ean, erlojupeko txapeldun olinpikoa 1996an eta orduaren errekorraren jabea 1994an. Lorpen nagusi horiez gain, bere palmaresari hainbat itzuli txikiago ere gehitu zizkion txirrindulari nafarrak, eta baita egun bakarreko klasikoak ere. Kataluniako Volta (1988, 1991 eta 1992), Paris-Niza (1989 eta 1990), Donostiako Klasikoa (1990), Espainiako Errepideko Txapelketa (1992) eta Dauphine Libere (1995 eta 1996) dira aipagarrienak. Erlojupeko saioetan nabarmendu zen batez ere Indurain, urte askoan tropeleko espezialista onena bilakatuz, alde handiarekin, baina aldi berean txirrindularitzako eskalatzaile onenetako bat bilakatu zen urteak igaro ahala. «Indurain handia, bere tamainagatik ez ezik, kirolari dagokionez, txirrindulari profesionala izatea lanbide gisa aukeratzen duen pertsona bati eman dakizkioken goraipamenik handienak lortu zituelako. Miguelek sentsaziorik onena utzi zuen bizikletaren gainean lortutako arrakastengatik, baina baita bizikletatik kanpo ere, izan ere, aho batez goraipatu izan da bera izan dela une bakoitzean bere lekuan egoten jakin izan duen kirolarietako bat, batez ere irabazten jakiteagatik, eta horrek errespetu handia eman zion aurkari guztien aldetik», nabarmendu zuen Tito Irazustak berrriki Artefakturako idatzi zion artikuloan.