2024 UZT. 17 EAEko zortzi udal hautagai, Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigilua lortzeko EAEko zortzi udal dira hautagai 2024ko Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigilua lortzeko: Azkoitia, Donostia, Irun, Errenteria, Legazpi, Erandio, Ermua eta Laudio. Bihar, uztailaren 18an, jakinarazi eta emango dira zigiluak, Donostiako EKINN ekintzailetza zentroan. Ainize Gastaka Laudioko alkatea. Udalerri arabarra zortzi hautagaitzetako bat da 2024ko Gobernanrzako Bikaintasunaren Europako ZIgilua lortzeko. (Oskar MATXIN | FOKU) GAUR8 Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zortzi udal dira hautagai 2024ko Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigilua lortzeko (ELoGE, ingelesezko siglekin). Hain zuzen, Gipuzkoako Azkoitia, Donostia, Irun, Errenteria eta Legazpi, Bizkaiko Erandio eta Ermua eta Arabako Laudio dira gobernu onaren eta kalitate demokratikoaren arloko Europako bereizgarririk garrantzitsuena lortzeko hautagaiak. Aitorpenak ostegunean jakinarazi eta emango dira, uztailaren 18an, Donostiako EKINN ekintzailetza zentroan, Esther Apraiz Eudeleko elkarteburua eta Daniel Popescu Europako Kontseiluko ordezkaria buru izango diren ekitaldian, 10.30ean hasita. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Ana Lopez zinegotziak, Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak, Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Cristina Laborda Irungo alkateak, Ainize Gastaka Laudioko alkateak, Eric Galvez Legazpiko alkateak eta Jon Garcia Erandioko alkateordeak ere parte hartuko dute ekitaldian, aurreratutakoaren arabera. Eudel EAEko Udalen Elkartea zigilua emateko Europako Kontseiluak baimendutako lehen eskualde plataforma bihurtu zen 2017an. Aurten, ELoGEren bosgarren edizioa egin da Euskadin. Aurreko lau urteetan, hogei bat udalerrik parte hartu izan dute eta horietatik 12k jaso dute saria. ELoGE zerrenda, orain arte, Europako 21 herrialdetako 300 udalerri inguruk osatzen dute. ELoGE lortzeko, udal hautagaiek autoebaluaziorako metodologia zorrotza erabiltzen dute, eta horrek gobernu onaren 12 printzipioei buruzko 72 adierazle gainditzea dakar: Partaidetza demokratikoa, Giza eskubideak, Zuzenbide estatua, Etika publikoa, Kontuak ematea, Irekitasuna eta gardentasuna, Kalitatezko administrazioa, eraginkorra eta efizientea, Lidergoa, gaitasunak eta ahalmenak, Erreakzio gaitasuna, Ekonomia eta finantza kudeaketa sendoa, Jasangarritasuna eta epe luzerako ikuspegia, eta Aldaketara eta berrikuntzara irekitzea. Dokumentu ebidentziak Adierazle bakoitza justifikatzeko dokumentu ebidentziak eman behar dira. Udal tresnak baloratzen dira, bai barnera begirakoak (aginte plana, finantza kontrolerako plana, GJHrekin lerrokatutako aurrekontuak, erosketa publiko arduratsua eta berritzailea eta abar), bai kanpora begirakoak, horiek guztiak herritarrekiko eta tokiko eragileekiko harremanetan (parte hartzeko eta gardentasunerako bideak, etika edo jokabide kodea, 2030 Agenda estrategia). Eudelentzat eta Europako Kontseiluarentzat, azken helburua eta benetako ‘saria’ ez da zigilua lortzea soilik, udalak beren erakundeen etengabeko hobekuntza prozesuan inplikatzea baizik, eta «hori koordinazio politiko-teknikoaren bidez eta bere indarguneen eta garapen eremuen diagnostikoaren bidez lortzen da». Aurtengo hautagaiei dagokienez, Azkoitia, Donostia eta Errenteria lehen aldiz aurkezten dira, Erandiok hautagai gisa errepikatzen du, baita Irunek, Legazpik, Ermuak eta Laudiok ere; azken horiek jada zigilu bat edo bi dituzte eta aurten beste bat eskuratzeko aukera izango dute. Horiekin batera, Gasteizek (zigilu bat), Basaurik (bi), Bermeok (bat), Bilbok (bat), Leioak (bat), Andoainek (bat), Eibarrek (bat) eta Urnietak (bi) ere lortu dituzte ELoGE zigiluak.