2024 UZT. 18 Gaur X urte Gaurko egunez jaio zen Asun Balzola ilustratzaile, idazle eta itzultzaile bizkaitarra Euskal Herriko ilustratzaile sarituena izan zen ziur asko Asun Balzola bilbotarra. Bere marrazkiek mundu erdia zeharkatu dute eta sinadurarik gabe ere identifikagarriak dira. Madrilen hil zen 2006an. Asun Balzola, 2002an Bilbon ateratako argazki batean. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) NAIZ Asun Balzola Elorza ilustratzaile, idazle eta itzultzaile bizkaitarra Bilbon jaio zen 1942ko uztailaren 18an. Haur liburuen ilustrazioari ekin zion Aguilar argitaletxearen eskutik, 1962an, baina 22 urterekin izandako istripu baten ondorioz, ezindua geratu zen, eta lanbidea bertan behera utzi zuen. Hala ere, 60. hamarkadan, Madrilgo Arte Ederren fakultatean marrazkigintza eta margolaritza ikasi zituen. 1967. urtean, denboraldi baterako Italiara joan zen bizitzera eta bertan ezkondu zen. Hamar urte geroago itzuli zen Madrilera. Bigarren epe horretan, 1976an, idazteari eta ilustratzeari ekin zion berriz ere Balzolak. Lehenengo liburua 1978. urtean idatzi zuen, "Historia de un erizo" eta ilustrazio onenaren bigarren saria lortu zuen lan horrekin. Madrilgo Ilustratzaileen Elkarteko buru izendatu zuten 2001eko urtarrilean. 2002an, berriz, Madrilgo Ilustratzaileen Elkarteko ohorezko lehendakaria izan zen, Antonio Fraguas "Forges" autorearekin batera. Bere ilustrazioetan hutsunearekin jolasten du Asun Balzolak, zurigune handiak eskainiz, ikusleak irudia osatu dezan: mentalki, irudimena erabiliz, edo fisikoki, gainean margotuz. Zaila da estilo konkretu bat aipatzea, baina akuarelaren erabilera da ezaugarri nagusietako bat. Balzola euskal ilustrazioak eman duen ilustratzaile handienetarikotzat jotzen da. Estatu espainiarreko editorial garrantzitsuenekin egin zuen lan, eta baita Europako eta AEBtako batzuekin ere. Prentsa eta publizitaterako marrazteaz aparte, Diseinu Grafikoan ere aritu zen (kartelak, egutegiak, txartelak, eta abar) eta berak eginiko liburu asko maketatu zituen. Bere obrek, erlazio zuzena dute idazlearen bizitza pertsonalarekin. Hau da, Asun Balzolak bere bizitza liburu ezberdinen bidez azaltzen digu. Horretan, kontuan hartu beharreko liburua da 1998. urtean idatziriko Txoriburu. Liburu hau, bere bizitzako lehen urteen kontaketa eta umetako oroitzapenak izateaz gain, helduei zuzenduriko lehenengo liburua da. 2006. urteko ekainaren 22an hil zen Madrilen, 63 urte zituela.