2024 UZT. 19 Gaur X urte Matxinatu sandinistek boterea hartu zuten Nikaraguan duela 45 urte Nazio Askapenerako Fronte Sandinista 1979ko uztailaren 19an sartu zen Managuan, duela 45 urte, diktaduraren aro somozistari amaiera emanez eta gobernu-erantzukizunak bere gain hartuz. Iraultzaren hamargarren urteurrenaren ospakizunak. (tiarscott | WIKIPEDIA) NAIZ Nazio Askapenerako Fronte Sandinista edo FSLN (gaztelaniazko Frente Sandinista de Liberacion Nacional izenaren siglengatik) Nikaraguako erakunde ezkertiarra da, Carlos Fonsecak beste batzuen artean Kubako Iraultzaren garaian sortutakoa gerrilla moduan eta Anastasio Somozaren ondorengoak borrokatuz. Izena Augusto Cesar Sandino (1895-1934) iraultzaile nazionalistari hartu zion haren omenez eta gaur egungo alderdiak Managua hiriburuan dauka egoitza nagusia. 1962. urtean sortu zen FSLN, eta bere lehen helburua borroka armatuaren bidez Somozaren gainbehera lortzea izan zen. 1974. urtetik aurrera areagotu zituzten ekintza armatuak herrialdearen iparraldean, eta 1978. urtetik aurrera Somozaren aurkako eraso gogorrak bideratu zituen. Borroka horren ondorioz, Guardia Nazionala erori egin zen, eta, horrela, Nazio Askapenerako Fronte Sandinista Managuan sartu zen 1979ko uztailaren 19an, duela 45 urte, diktaduraren aro somozistari amaiera emanez eta gobernu-erantzukizunak bere gain hartuz. FSLN Managuan sartu bezain pronto, Berreraikuntza Nazionalerako Gobernu Batzordea ezarri zen. Batzorde hori bost kidek osatzen zuten: batzorde horren koordinatzailea, presidente lanak egiten zituena, Daniel Ortega (FSLN) izan zen, eta harekin batera Sergio Ramirez eta Moises Hassan, biak ere sandinistak, Alfonso Robelo enpresaria eta Violeta Chamorro, Pedro Joaquin Chamorroren alarguna (1990eko prozesu iraultzailearen amaieran Ortegaren ondorengoa izango zena) independente gisa. Estatu Kontseilu bat ezarri zen, hainbat gizarte-talderen ordezkaritzarekin (politikoak, sindikalistak, emakumeak...), eta hauteskundeak deitu eta egin arte legegintzaldi gisa funtzionatzea erabaki zen. FSLN Nikaraguako aginpidean izan zen 1979. urtetik 1990. urtea arte eta 2007tik aurrera.