2024 UZT. 26 Jaietan ohitura jasangarriak sustatzeko kanpaina abiatu du Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak Herriko jaietan ohitura jasangarriak bultzatzeko kanpaina jarri du abian Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak. Birziklatze-gune bereziez gain, gaiaren inguruko abestiak sortzea da ekimenaren beste proposamenetako bat. Batez ere jaiei begirako kanpaina da Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatearena. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) GAUR8 Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak komunikazio-ekintza jarri du abian, jaietako jardueretan printzipio eta ohitura jasangarriak sustatzeko, batez ere hondakinen kudeaketaren esparruan. Bizkaiko Mankomunitateak jakinarazi duenez, eskualdeko herrietako jaiak «urteko unerik onenetako» bat dira honelako kontzientziazio ekimenak burutzeko. «Gizarte-inpaktu handiko tokiko gertaerak» dira, eta, era berean, inpaktuak dituzte ingurumenean, zuzenean edo zeharka. «Kanpaina honen helburua da ingurumenaren aldagaia jaien eremuan sartzea eta sentsibilizatzea», azaldu dute. Esku-hartzeak bi jarduera nagusi ditu: jai esparruetan birziklatze-guneak prestatzea: 240 litroko kuboak jarriko dira, kanpainaren irudiarekin binilatuta, hondakinak gaika biltzeko eremuak seinaleztatzeko; eta Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako jaietarako bereziki konposatutako abesti bat sortzea. Bestalde, kanpainan zabaldu nahi dituzten zenbait mezu ere zehaztu dituzte. ’Hondakinik onena sortzen ez dena da’, ‘berrerabiltzea da aukera nagusia’ edota ’ezin badugu saihestu hondakin bat sortzea, gutxienez behar bezala kudeatu behar da’ bezelako printzipioak zabaldu nahi dituzte. Horren ondoan, behar bezala seinaleztatutako birziklatze-guneak gaitu dira, eta gaiaren inguruko kantak izango dira kanpainaren beste elementu nagusia: «formatu berria eta dibertigarria da. Abesti hau jai batzordeen eskura jarriko da, egoki baderitzote, jai barrutietan jo dezaten». Abestia bideoklip formatuan ere editatuko da, eta, beraz, udalek eta Mankomunitateak sare sozialen eta toki-erakundeetan eskuragarri dauden beste komunikazio-euskarri batzuen bidez zabaldu eta partekatu ahal izango dute. Arakaldok, Arrankudiaga-Zollok, Arrigorriagak, Etxebarrik, Orozkok, Ugaok, Urduñak, Zaratamok eta Zeberiok osatzen dute Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea.