GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Juan Mari Arzak Arratibelek 82 urte bete ditu

1942ko uztailaren 31n Donostian sortua, munduko sukaldari ospetsu eta sarituenetako bat da Juan Mari Arzak Arratibel. Euskal Sukaldaritza Berria izeneko mugimenduaren bultzatzaile nagusietako bat da. Kontatzen duenez, bere amari esker iritsi da sukaldera iraultza ekarri duen sukaldaria izatera.

Basque Culinary Centerreko ohorezko patroi izendatu zuten Juan Mari Arzak 2022an. Argazkian, Elena Arzak alabarekin eta kideekin ageri da, hunkituta. (Maialen ANDRES | FOKU)

Juan Mari Arzak Arratibelek 82 urte bete ditu gaur. Bederatzi urte zituela galdu zuen aita, eta beste ikasketa batzuk hasi zituen arren, bihotzari entzunez, Madrilgo Gastronomiako Goi Mailako Eskolara joan zen, aitonak 1897an sortu zuen Arzak jatetxeari segida emateko asmoz.

Jatetxean buru-belarri sartu aitzinetik, Arzak gazteak mundua zeharkatzeko eta beste herrialdeetako zaporeak dastatzeko beta hartu zuen. Dioenez, Paul Bocuse izan zen, amarekin batera, ofizioa ulertzen gehien lagundu diona. Bocusek sukaldaritza arte gisa erakutsi zion.

Eta hala iritsi zen Donostiara, sustraiak mantenduz, euskal sukaldaritzaren diseinuari ikuspegi berri bat emateko helburuarekin.

Gaur egun, bere jatetxeak hiru Michelin izar ditu, beste sari ugariren artean. Beretzat, hala ere, onena lagunen eta bisitarien sabelak poztea da, eta segida duela jakitea, Elena Arzak alaba, jatetxearen chefa.

Arzak ohikoa da estatuko eta nazioarteko mota guztietako gastronomia-lehiaketetan, hala nola Donostiako Gastronomika edo Madrid Fusion bezalako jaialdietan. Bere lagun Karlos Argiñanoren telebista-programan ere parte hartu izan du, eta 2012. urtean, 1 HRT Formulako taldea elikatzeaz arduratu zen chef-a izan zen.