2024 ABU. 05 Herriko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzen diagnostikatu eta laguntzeko zerbitzua aktibatu du Laudiok Tokiko merkataritza eta zerbitzu enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratutako programan parte harzteko izena zabaldu du Udal. Apill elkartearekin elkarlanean, hainbat prestakuntza saio eskainiko da diagnostikoa eta aholkularizta edo laguntza emateko. Supermerkatu bat, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU) GAUR8 Urteko azken lauhilekoan bi zerbitzu eskainiko dituen proiektua aktibatu du Laudioko Udalak, herriko merkataritza hobetzen laguntzeko. «Jarduera ekonomikoari eta enpleguari eustea» helburu duen ekimena Apill herriko merkatari eta enpresari txikien elkartearekin elkarlanean bultzatuko du udal gobernuak. ‘Laudioko tokiko merkataritzaren eraldaketa: lehiakortasunerako, berrikuntzarako eta merkataritza-iraunkortasunerako estrategia berriak’ izeneko plana da abian jarri dutena. Ohar batean, bultzatzaileek azaldu dute programaren zati bat Europar Batasunak finantzatzen duela, Next Generation funtsen bidez, Turismo Ministerioaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatuta. «Hainbat inbertsio, proiektu eta ekimen biltzen dituen plan integrala da, eta tokiko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzako negozio-kudeatzaileei zuzenduta dago», zehaztu dute udal iturriek. Nabarmendu dutenez, doakoa da enpresen parte hartzea, «eta berrikuntzan eta etengabeko modernizazioan oinarrituko da». Lehiakortasuna hobetzeko diagnostikoa eta laguntza zerbitzuari dagokionez, «bertatik bertara laguntzeko eta aholkatzeko zerbitzua da, identifikatutako proiektuak ezartzeko, zerbitzuaren hartzaile den negozioaren eskaeraren arabera». Zehaztu dute, era berean, negozio bakoitzaren eskura 50 lanordu jarriko direla gehienez, «diagnostikoa eta aholkularitza edo laguntza barne». Hamar eta 20 arteko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako enpresentzat izango da, eta izen ematearen hurrenkeraren arabera hautatuko dira. Merkataritza enpresen topagunea Programaren beste atal bat preskauntza eta ‘networking’ komertzialarekin lotuta dago. «Herriko merkataritza enpresen arteko topagune bat martxan jartzea bilatzen du, sektoreko joerei eta erronkei buruz eztabaidatu eta hausnartu ahal izateko». Guztira, 11 prestakuntza saio izango, bi ordukoak, «eta gehienez 20 merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako enpresentzat egongo da zuzenduta». Programan izena emateko hurrenkeraren arabera aukeratuko dira enpresa horiek. Edozein prestakuntzan parte hartzeko, posta elektroniko bat bidali behar da merkataritza@laudio.eus helbidera, izena emateko inprimakia eskatu edo 94 403 49 80 telefonoz zenbakira deitu. Zehaztu dutenez, izena emateko epea zabalik jarrituko du programa amaitu arte.