2024 ABU. 21 Ezagutza transmititzeko eta belaunaldien arteko erreleboa egiteko plana aktibatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Datozen urteetan plantillaren «aurrekaririk gabeko» berriztatzea egin beharko dute Gipuzkoako Foru Aldundian. Prozesu horri begira, ‘Partekatuz’ programa aktibatu dute, erreleboa antolatu eta ezagutzaren transmisioa errazteko. Foru Aldundiko plantillaren erreleboa antolatuko dute Gipuzkoan, ‘Partekatuz’ planaren bidez. (Gorka RUBIO | FOKU) GAUR8 Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Partekatuz’ programa jarri du abian. Belaunaldien arteko erreleboaren testuinguruan, ezagutzaren transmisioa errazteko antolaketa plan berria da, eta langileentzako erretiro neurri berriak jasotzen ditu. Datozen urteetan erakundeak «aurrekaririk gabeko» plantillaren berritze prozesuari ekingo diola adierazi du, eta horri aurre egiteko, «eraldaketa sakon» bat egin nahi du Foru Gobernuak, «modu planifikatuan». «Pertsona horien esperientziaren eta ezagutzaren transmisioa» bermatzea eta «erakundeak egiten duen lanaren kalitatea eta herritarrei eskaintzen dien zerbitzua» hobetzea da helburua, Irune Berasaluze Gobernantzako diputatu eta foru bozeramailearen hitzetan. Hamabost urteko epean, foru erakundeko plantillaren ia erdiak, hau da, 1.000 pertsona inguruk, funtzionarioek zein lan kontratuko langileek barne, erretiroa hartuko dute. Era berean, egungo datuen arabera, plantillaren %54k 50 urte edo gehiago ditu, eta joera hori are nabarmenagoa da erantzukizuneko lanpostuetan, zerbitzuburu, sekzio eta negoziatuen %78k adin hori gainditzen baitu. Berasaluzek azaldu zuenez, «1980ko hamarkadan euskal erakundeak altxatu eta martxan jarri zituzten langileen erretiroak markatutako ziklo historiko baten amaieran gaude. Belaunaldi honen balioek, kulturak eta talentuak erabateko aitorpena merezi dute, eta horrekin batera, pilatu duten duen ezagutzari eusteko neurriak hartu behar dira ezinbestean, balio handikoa baita». Plan berria urriaren 1ean sartuko da indarrean, eta hamarkada bateko epean berrikusiko da, foru gobernuaren aurreikuspenen arabera. Programan parte hartu ahal izango dute erretiro aurreratua edo arrunta hartu nahi duten funtzionarioek eta lan kontratuko langileek, Gipuzkoako Aldundian gutxienez zortzi urtez lan egin badute.