2024 ABU. 21 Valderejoko eta Gorbeiako parke naturalen interpretazio zentroetako edukiak berritzeko prozesua, martxan Arabako Foru Aldundiak Valderejoko eta Gorbeiako parke naturalen interpretazio zentroetako edukiak berrizteko proiektua idazteko kontratazioa jarri du abian. Helburua da erakusketen edukia berritzea eta digitalizatzea. Naturgune babestuen harreran dauden zentro horiek balioen transmisiorako duten garrantzia azpimarratu dute. (Arabako Foru Aldundia) GAUR8 Arabako Parke Naturalen Helmugako Turismo jasangarritasuneko Planaren erronketako bat Valderejoko eta Gorbeiako interpretazio zentroetako erakusketen edukia berritzea eta digitalizatzea da. Helburu horrekin lotuta, Arabako Foru Aldundiak abian jarri du zentroen erakusketa proiektuaren idazketa, hornidura eta ekipamenduaren kontratazio prozesua. Ohar batean Foru erakundeak zehaztu du aurrekontua 311.137 eurokoa dela, BEZa barne, eta hamabi hilabeteko epea ezarri du lana gauzatzeko. «Kontratazioaren helburua da erakusketa berriak diseinatu ahal izateko proiektua idaztea, biodibertsitateari eta kontserbazio helburu berriei buruzko informazioa gehitzeko bi guneetan, Natura 2000 Sarean integratutako naturagune izendatu baitituzte», azaldu du. Egitasmoek multimedia teknologia berrietara egokitutako erakusketen diseinua hartu behar dute kontuan, «gune bakoitzaren balioak, kontserbatzeko beharra eta kokatuta dauden ingurunearekin duten lotura» erakutsiz; «alegia, Gaubeako eta Gorbeialdeko historiarekin, ondarearekin, gizartearekin eta ekonomiarekin, gizakiekin eta kulturarekin». Nabarmendu dutenez, interpretazio zentroek edo parketxeek «naturagune babestuetan ingurumen balioak transmititzeko erantzukizun handia duten baliabideak dira». Ildo beretik, azpimarratu dute «ekipamendu horiek erabilera publikoko eskaintza osoaren eta zerbitzuen erreferentzia guneak» direla, «ingurune naturaleko harrera, informazio eta interpretazio guneak» diren heinean.