GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Lan ederra!’, Nara Dominguezen ofizio zaharren erretratoak Aretxabaletan

Leintz-Gatzagako lanbide zaharrei eskainita dago Nara Dominguez argazkilariaren ‘Lan ederra!’ erakusketa. Ofizio zaharren xarma erakutsi eta argazkilaria eta argazkien protagonisten arteko harremana aztertzen duen erretratu bilduma Aretxabaletan ikusi ahal izango da, irailaren 25era arte.

‘Lan ederra!’ erakusketak lanbide zaharrekin lotutako erretratuak biltzen ditu. (Nara DOMINGUEZ | EUROPA PRESS)

Nara Dominguez argazkilari gipuzkoarrak ‘Lan ederra’ erakusketa jarri du ikusgai Aretxabaletako Arkupe kultur etxean. Dominguez (Eskoriatza, 1987) erretratuan espezializatutako argazkilaria da, Madrilen bizi da eta Argazki Dokumentalen Masterra egin zuen Labasaden, Bartzelonan.

Estilo natural eta intimista batekin, argazkilariaren eta argazkietako protagonisten arteko harremana aztertzen du Dominguezek bere erretratuetan. Argazkilariak urtebete darama ‘Artesanos del valle’ proiektuan lanean, Euskal Herrian oraindik ere egiten diren baina dela teknika aldatu delako, dela belaunaldien arteko erreleborik ez dagoelako, desagertzeko arriskuan dauden lanbideetan zentratuta.

Kultur ondare horren artxiboa

‘Lan Ederra!’ erakusketak Leintz-Gatzagako kultura eta tradizioaren parte izan diren lanen esentzia eta historia erakutsi nahi du erretratu sorta baten bidez.

Lanbide horietan beren bizitzaren zati handi batean lan egin duten pertsonak biltzen dituzte argazkiek, ofizio bakoitzaren atzean dauden istorioak kontatzeko eta euskal kulturaren artxibo bisual bat sortzeko.

Erakusketa azaroaren 25era arte egongo da ikusgai, Arkupe kultur etxean.