2024 IRA. 04 Ikerketa zientifiko batek Sendaviva espezieen babesgunea dela frogatu du Parkeko ingurumen taldeak koordinatu du “ZooNaGreen” proiektua, eta bertan parte hartu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak, Nafarroako Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Bi urteko ikerketaren ostean, parkean bizi diren mikrougaztunen eta mesougaztunen ugaritasuna eta dibertsitatea, eta eremu gizatiartuetako ibaietan bizi diren hegazti urtarrak babesteko parkeak duen garrantzia azpimarratu dute. Sendaviva parkeko irudi bat. (Idoia ZABALETA | FOKU) Nafarroako Sendaviva abentura eta olgeta parkeak lortu du eskualdeko basa faunarekin batera modu arduratsuan bizitzea, biodibertsitatea babestu eta indartu egiten baitu. Hori da “ZooNaGreen” proiektuak bildu duen ondorioetako bat. Parkeak berak finantzatu eta koordinatu du lana, eta bertan parte hartu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak, Nafarroako Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Ikerketa zientifikoa 2023an eta 2024an egin dute. Lau lantaldetan aritu dira, Sendavivako Ingurumen Saileko proiektuen koordinatzaile Efren Fernandezek koordinaturik. Proiektuan ahalegin handia egin dute lagin zabala hartzeko. Ikerketan 30 tranpa kromatiko erabili ziren intsektu polinizatzaileak erakartzeko, eta haien bidez ia 6.000 artropodo harrapatu zituzten. Gainera, hegazti habiagileen populazioa ere aztertu zuten, eta 74 espezie detektatu. Bestalde, ezkutuko 30 kamera jarri ziren sei hilabetez, eta haien bidez basa mesougaztunen 9.606 irudi hartu ziren. Azkenik, 576 gau tranpa jarri ziren lau lur zatitan, landare estaldura mikrougaztunen populazio egonkorrak iragan hurbilean edo egun bertan bizitzeko modukoa izan zitekeen behatzeko. Azterketan frogatu dutenez, Sendavivak kanpoko basa fauna babesteaz gain inguruneko zenbait espezieren ugalketa bultzatzen du. Lehenik eta behin, parkeak intsektu polinizatzaileen eta beste talde batzuen dibertsitatea mantendu egiten du, horiengan ez baitauka eragin kaltegarririk. Bigarrenik, mikrougaztunen eta mesougaztunen kopurua areagotu egiten du. Horren erakusle, parkearen inguruko hesia zeharka dezaketen mikrougaztunek eta mesougaztunek gehiago erabiltzen dute bertako esparrua kanpokoa baino, ziurrenik bertako landare estaldurak mesede egiten dielako eta elikagai natural gehiago aurkitzen dutelako. Hirugarrenik eta azkenik, parkearen azpiegiturak ugaltzeko aukera sortzen die hegazti urtarrei eta habitat antropizatuekin (hau da, gizakiak eraldatutako habitatekin) lotura duten espeziei.