2024 IRA. 06 Basauriko Gaztegune berriak udalerri osora zabalduko ditu jarduerak asteburuetan Gazteria zerbitzu berriaren instalazioak inauguratu dituzte Basaurin, Autonomia kalean, eta handik jarduera programazio zabal bat eskainiko dutela iragarri du Udalak. Berrikuntzen artean nabarmendu dute jarduerak egingo direla asteburuetan auzo ezberdinetan. Gazteria zerbitzu berriko instalazioak, Basaurin. (Basauriko Udala) GAUR8 Basauriko Udaleko Gazteria Zerbitzu berriak, Gaztegunek, udalerri osora zabalduko du zerbitzua, auzoetan ere gazte jarduerak antolatuz. Horrez gain, aisialdiko monitore izateko ikastaro berritzaile bat eta erabiltzaileentzako aholkularitza psikologikoko zerbitzu bat eskainiko ditu. Zentro berriak hilaren 7an zabaldu zituen ateak, Autonomia kalean. Ibilbide berrian, Gazte Informazio Bulegoak ordutegia zabalduko du, eta Gazteguneak udalerri osora zabalduko du zerbitzua, asteburuero auzo batean gazteentzako jarduerak antolatuz. 300 metro karratu inguru ditu espazio berriak, bi solairu eta kanpoko patio bat. Bertatik, arreta zuzena eta informazioa eskainiko zaie gazteei, eta hainbat programa eta jarduera ludiko, ikastaro, ikuskizun eta tailer antolatuko dituzte. Lehenengo solairuan, Gazte Informazio Bulegoa, Gaztegunea eta ‘Coworking Gunea’ izeneko erabilera anitzeko gela daude. Basauriko gazteek talde lanak, bilerak edo beste edozein ekimen sozial edo ‘coworking’-a egiteko erreserbatu ahal izango dituzte. Erabilera ezberdinetarako guneak Ordenagailuak eta bideojokoak, telebistak, sofa gunea eta hainbat jarduera egiteko mahai eta aulki multzoak izango dituzte erabiltzaileek. Bigarren solairuan mahaiak eta aulkiak dituen gela bat eta ikastaroak eta prestakuntza saioak egiteko arbel interaktibo bat dute. Kanpoan, patio batek Gazteguneak aire zabaleko jardueren eskaintza «askotarikoagoa» antolatzeko dituen aukerak areagotuko ditu. Kokaleku aldaketa dela eta, udal arduradunek Basauriko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren (Zirt Zart) ekintza-eremua zabaltzea erabaki dute, orain udalerriko edozein gazterengandik hurbilago dagoen leku batean dagoela aprobetxatuz. ‘Gaztegune Ibiltaria’ programa berriaren bidez gazte jarduerak antolatuko dituzte auzoetan. «Astero izango da gazteentzako jarduera edo ekitaldiren bat udalerriko eta inguruko auzoren batean, asteburuero gune hauetako batean egingo baitira jarduerak: Kareagako Gizarte Etxean, Basozelaiko Gizarte Etxean, San Migelgo Taberna Nagusian, Arizko Dorrean edo Autonomia kaleko Gaztegunean», zehaztu du Jon Zugazagoitia Gazteria zinegotziak. Gogorarazi du gaur egun 1.000 bazkide baino gehiago dituela Zirt Zart azokak.