2024 IRA. 07 Gaur X urte Duela 115 urte sortu zen ofizialki Real Sociedad futbol taldea Futbolaren ‘unibertsoan’ barnean ere, bertako komunitatearentzat benetako erreferente bihurtzen diren taldeak daude. Donostiako Real Sociedad de Futbol –Erreala edo Reala, euskaraz– horietako bat da, euskal gizartean arrasto ezabaezina utzi duen taldea. Gaur bere sorreraren 115. urteurrena ospatuko du. 2009an ospatu zuen taldeak bere mendeurrena. Irudian, beteranoen arteako saioa. (Juan Carlos RUIZ | FOKU) Amaia Ereñaga 1909ko irailaren 7an sortu zen Sociedad de Foot-ball izeneko taldea Donostian, urte bete buruan Real Sociedad de Foot-ball izena hartuko zuena. Hura izango zen 40. hamarkadan Real Sociedad de Futbol izen ofiziala hartuko zuen taldearen hastapena. Ibilbide luze honetan hainbat gorabehera izan ditu klubak, baina joko ederrarekiko betidanik izan duen konpromisoa eta futbolarekiko grina ez dira aldatu. Historian zehar Lehen Mailako taldea izan da, denboraldi gehien-gehienak bertan eman dituelarik. 2009. urtean bere mendeurrena ospatu zuen, eta hurrengo urtean, lehen mailara igo zen azken aldiz gaur egun arte, hiru denboraldiz bigarren mailan egon ondoren. Egia esan, 115 urte hauetan historiarako une ugari izan ditu. Honi buruz asko dakitenei kasu egingo bagenie, esaterako, gogora ekarri beharko genuke 1980-1981 denboraldia. Izan ere, Errealak Estatu espainiarreko Ligako bere lehen titulua irabazi zuen. Alberto Ormaetxea entrenatzailearen gidaritzapean eta Luis Arconada eta Jesus Maria Zamora bezalako jokalari ospetsuekin, taldearentzat sekulako lorpena izan zen. Nazioarteko mailan lortu duen errespetua eta zaleen pasioa dira betidanik klubaren adierazgarriak.