GAUR8 - mila leiho zabalik

Galdakaoko lehen emakumezkoen futbol taldeko kideak omenduko dituzte astelehenean

Duela 57 urte emakumezkoen futbol taldea sortu zuten galdakoztarrak omenduko dituzte astelehenean Santa Barbara zelaian. Herriko emakume talde batek bultzatuta, aitzindariak izan ziren emakume haiekiko errekonozimendua plazaratu nahi dute Udalak eta Galdakao Futbol Taldeak.

Duela 57 urte sortu zuten Gorantza Futbol Taldea. (Galdakaoko Udala)

1967ko irailean, duela 57 urteko Santa Krutz jaietan, emakume futbolari talde batek talde bat osatu eta futbol partida bat jokatu zuen Elorrioko taldearen aurka, gogoratu Udalak «mugarri» bihurtu zen ekimenaren gainean. Aitzindariak izan ziren emakume horiek omenduko dituzte astelehenean, Santa Barbara zelaian.

Emakume horiek «futbolean jokatzen jarraitu zuten, eta Galdakaoko lehen emakumezkoen futbol taldea sortu zuten», Gorantza Futbol Taldea izenekoa. Nabarmendu dutenez, batere errazak ez ziren garai haietan, «emakumeek haizea erabat kontra zutenean, bidea ireki zieten ondorengo emakumeei».

Herriko emakume talde batek bultzatu du ekimena, eta Udalak eta Galdakao Futbol Taldeak omenaldia egingo diete galdakoztar «aitzindari» horiei.

Zehaztu dutenez, lehen talde hartako jokalariak omendu nahi dituzte: Eguzkiñe Loroño, Pili Moreno, Blanqui Goiri, Emili Suarez, Amaia Garay, Eguzkiñe Garay, Rosario Etxabe, Maribel Saratxaga, Marieli Aurtenetxe, Maria Angeles Yarritu, Henar Yarritu, Maria Jesus Urgoiti, Belen Urgoiti, Virginia Gonzalez Ramos, Mari Carmen Alvarez eta Maria Pilar Torres, baita Miguel Caballero entrenatzailea eta Koldo Tutor eta Arturo Maza laguntzaileak.

Ekitaldia irailaren 16an izango da, 17.30ean, eta ondoren Galdakaoko eta Bilboko Athletic Clubeko jokalari ohien arteko partida jokatuko da.

Udalak «emakume aitzindari hauek hasitako bidea» eskertu du eta herritarrei «errekonozimendu ekitaldian» parte hartzeko deia egin die.