2024 IRA. 21 Fikzioa Fikzioa behar duzu, egia izan gabe ere egia azaltzen lagun omen dezakeen zerbait. (Gorka RUBIO | FOKU) Beñat GAZTELUMENDI Bertsolaria «Ez gezurrik esan, umea». Amonaren ahoan geziak ziren kontsonanteak; «gezur» hitzaren «z» eta «r»-a batez ere. Kazkabarraren gisa jausiko ziren gure belarri-zuloetan barna, eta gure neuronen arteko etorbide zabaletan oihartzun egingo zuten urte luzez. “Gezur”, “gezur”, “gezur” esango zigun etengabe gure barrunbeetatik. Eta Pinocho ezagutu aurreko gure irudimen eta entzumen jolastiek “gezur” eta “hezur” hitzak nahasiko zituzten, kutxa berean gorde, eta gezur bat esaten zuenaren zintzurrean arrain-hezur zorroztu bat iltzatuko zela pentsatuko genuen. Eta badakizue eztarri barruko haragitan habia egindako arrain-hezurrekin zer gertatzen den: ogia irentsi arren, ura edan arren, hortxe segituko du, traba eginez, haragia zaurituz, zauria gaiztotuz. Eta urratu txiki bat zena puztu egingo da, zornez bete, eta hitz egiten dugun aldiro are traba handiagoa egingo digu; geroz eta pasabide estuagoa geratuko da egiak esateko. Eta itxi eta itxi, mutu geratuko gara azkenean. Hori dena esaten zigun amonak «ez gezurrik esan, umea» esaten zigunean. Aitonak bere ohiko tonu jostariaz erantzungo zion sukaldeko mahaiaren beste aldetik: «Nik sekula ez dut gezurrik esan, baina egia ez direnak bai». Halaxe, zirkuitu labur bat sortuko zitzaigun garun barruko koadro elektrikoan: zer ote den gezurra izan ez arren egia ere ez den hori. Egia eta gezurra, ona eta txarra, zuria eta beltza; mundua antolatzeko gure oinarrizko arkitektura hantxe, dantzan. Zer den zer argi daukazula uste duzu, baina hara non albistegiek Dominique Pelicot izeneko gizon bat aurkeztuko dizuten, hamar urtez bere emaztea drogatzen aritu zen gizona, drogatuta zegoen bitartean 50 gizonek baino gehiagok bortxa zezaten. Eta mundua asaldatu egin da kolpera, fokua beste gizonengana mugitu denean: kaleko 50 gizon arrunt horiek, beren aisialdian drogatutako emakume bat bortxatu zutenak eta, ondoren, beren etxeetara eta beren bizitza gris eta arruntetara itzultzen zirenak. Edo gertatzen zena jakin arren, isilik egon diren beste dozenaka horiek. Zure inguruko gizonak minduta sentitu dituzu, gizon horiek seinalatzeak, zeharka, beste guztiok ere seinalatzen gaituelako. Zure buruari galdetu diozu Dominique Pelicot zure kuadrillakoa, zure auzokoa edo zure lankidea balitz zure ezagunen artean zenbat geratuko ziren isilik eta zenbat ausartuko ziren salatu eta beren harreman-sarearen zimenduak kolokan jartzera. Ez zara erantzutera ausartu. Eta halaxe iritsi zara, aurten ere, alfonbra gorri honetara. Fikzioa behar duzu, egia izan gabe ere egia azaltzen lagun omen dezakeen zerbait; gertatu ez diren bestelako munduak. Itzali dira argiak. Eta ez dakizu mundua ulertu nahian, edo ihesean ari zaren. •