GAUR8 - mila leiho zabalik

Urriaren 18tik 27ra klima eta energiaren astea egingo dute eta sentsibilizazio ekintza onenak sarituko dituzte

Asteklima, klima eta energiaren astearen edizio berri bat egingo dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, urriaren 18tik 27ra. Lakuako Gobernuak bultzatuta, formatu ezberdinetako jarduerak izango dira programazioan, eta tokiko erakunde publikoek zein elkarteek edo norbanakoek klima aldaketa eta energia trantsizioaren inguruan antolatutako ekimenak sarituko ditu.

Urriaren 18an abiatuko da energia trantsizioaren beharraz sentsibilizatzen duen Asteklima. (Iñigo URIZ | FOKU)

Asteklima EAEko Klimaren eta Energiaren Astearen aurtengo edizioa urriaren 18tik 27ra izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. ‘Ekintza orok, txikia izan arren, badu bere garrantzia’ izango da goiburua, eta trantsizio energetiko eta klimatikoaren beharraz kontzientziatzea izango du helburu. Edizio honetan berritasunak egongo dira, klima aldaketaren eta energia trantsizioaren arloan herritarrak sentsibilizatzeko eta arduraz jokatzeko ekintza onenak sarituko baitira.

Lakuako Gobernuko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak antolatzen dute Asteklima.

Jakinarazi dutenez, aurreko lau edizioetan bezala, herritarrentzako jarduera eta ekintza ugari egongo dira, herritarrak ekintzara bultzatzeko, hala nola erakusketak, mahai-inguruak, tailerrak, antzerkia, zinema, haurrentzako jolasak, ipuin kontalariak, bizikleta martxak, hitzaldiak, bisita gidatuak edo jardunaldi teknikoak. Astekliman parte hartu nahi dutenek urriaren 4ra arte eman dezakete izena www.asteklima.eus webgunean.

Aurtengo berrikuntza nagusi bezala, klima aldaketaren eta energia trantsizioaren arloan herritarrak sentsibilizatzeko eta arduratzeko egiten duten ahalegina eskertu nahi du ekimenak, eta, horretarako, tokiko erakunde publikoek, lehen eta bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeek, unibertsitateek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileek, irabazi asmorik gabeko erakundeek eta Euskadiko GKEek antolatutako jarduerak sarituko ditu.

Saria ezberdinak

Sariak hurrengo kategoria hauetan banatuko dira: EAEko ekimen onena, bat herrialde bakoitzeko; eskualdeko ekimen onena; 20.000 biztanletik gorako udalerrietako ekimen onena; 5.000 eta 20.000 biztanle arteko udalerrietako ekimen onena; 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako ekimen onena; ikastetxeetako eta lanbide heziketako ekimen onena; Unibertsitateetako eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileen ekimen onena, eta irabazi asmorik gabeko erakundeetako ekimen onena.

EAEko ekimen onena saria, 5.000 eurokoa da, eta gainerako kategorietan sari bat eta bi accesit eman ahal izango dira: 3.000 euro hautagaitza irabazlearentzat eta 1.500 euro accesit bakoitzarentzat.

Udal esparruan, udalerriek, udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeek, toki izaera duten udalaz gaindiko erakundeek, tokiko merkataritza sozietateek, garapen agentziek eta tokiko erakunde autonomoek parte hartu ahal izango dute.

Ekintza klimatikoari eta trantsizio energetikoari buruzko proposamenak herritarrei zuzenduta egon beharko dira, doakoak izan eta urriaren 18tik 27ra bitartean egin behar dira. Hautagaitza guztiak, euskaraz edo gaztelaniaz, www.asteklima.eus webgunean dagoen formulario digitalaren bidez aurkeztuko dira soilik. Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 4ko 14.00etan amaituko da. Sariak azaroan emango dira.